(argazkia: Ondarroako Udala)

Jon Maiak zuzendutako ‘Berriz etorriko zera’ dokumentala estreinatuko dute, maiatzaren 9an, Ondarroan

Galiziatik, Asturiasetik, Andaluziatik edota Extremaduratik Ondarroara etorri zirenei ahotsa ematen dio lanak. Herrian nola hartu zituzten eta gaur egunera arte bizitza nola egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda.

Berriz etorriko zera dokumentalak Frankismoan Ondarroara etorri zirenei egiten die aitortza, herriaren memoria kolektiboan lekua eginez eta beraien aitortzak jasota lagaz betirako. Ondarroako Udalak azaldu duenez, “Espainiako herri desberdinetatik etorri ziren gure herrira, etorkizun hobe eta oparoago baten bila, miseriatik ihesi, eta horiek pantaila handira eraman ditugu”. Estreinaldia ekitaldi hunkigarri baten baitan kokatuko dela aurreratu dute.

“Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz anitza da Ondarroa, eta duela urte askotatik gainera”, adierazi du Udalak. “Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”. Etorkin gehienak Galiziatik etorri ziren, baina baita Estatu espainiarreko beste lurraldeetatik ere: Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leon. “Dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur egunera arte bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”.

Memoria historikoa

Udalak Jon Maiari eskatu zion memoria historikoaren lan hau egitea. “Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, aipatu du Irina Alkorta alkateorde eta aniztasun batzordeburuak.

“1936ko gerra amaitu zenean, krisia eta miseria ziren nagusi Espainian. Ondorioz, euren etxea utzi behar izan zuten askok. Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten”. Ondarroa aukeratu zuten askok, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserba industria, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera zegoelako.

Dokumentalaren estreinaldirako sarrerak (doan) Turismo Bulegoan jaso beharko dira, asteartetik ostiralera (10:00-13:00 eta 15:00-17:00) eta asteburuetan (11:00-14:00 eta 16:00-18:00). Frontoirako sarrera bakarra Musika Plazatik izango da; Kantoipetik (igogailutik) mugikortasun murriztua daukatenak sartu ahal izango dira bakarrik. Eskailerak itxita egongo dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna