Gaur gauean hil da Francisco Letamendia Belzunze, Ortzi. 1944ko otsailaren 5ean Donostian jaioa, Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna eta Paris 8 Unibertsitatean Gizarte Historian Doktorea zen. Zientzia Politikoko irakasle titularra izan zen EHUn. Abokatu defendatzaile gisa parte hartu zuen Burgosko Prozesu historikoan.
Euskadiko Ezkerrako diputatua izan zen Gipuzkotik 1977tik 1979ra bitartean, eta Herri Batasunakoa 1979tik 1982ra bitartean, Bizkaitik. Ondoren ekin zion ibilbide akademikoari Euskal Herriko Unibertsitatean eta 2017 arte aritu zen irakasle titular gisa.
Irakaskuntza sakonki maite zuen, eta unibertsitateko irakasle gisa ikasleen estimua jaso zuen bere konpromisoagatik, hurbiltasunagatik eta pentsamendu kritikoa sustatzeko gaitasunagatik. Ikerketan, jakin minak gidatutako pentsalaria izan zen, etengabe ikasteko eta gai desberdinen arteko loturak ulertzeko gogoz
Bere lehenengo bi liburuak 70eko hamarkadan argitaratu zituen Ruedo Iberico argitaletxearekin: El proceso de Euskadi en Burgos (1971) eta Historia de Euskadi: el nacionalismo vasco y ETA (1975).
Egile emankorra izan zen eta bere lan akademiko aipagarriena Juego de espejos conflictos nacionales centro-periferia (Madril: Trotta, 1997) da.
Hain zuzen ere, Letamendia irakaslearen ikerketa-ildo nagusiak Euskal Herriko trantsizioa eta historia politikoa, autodeterminazio eskubidea, nazio aniztasuna, mugimendu abertzaleak, indarkeria politikoa eta Europar Batasunean herrien presentzia izan ziren.