(argazkia: Orioko Udala)

Balearen Eguna ospatzeko hilabeteko egitaraua antolatu dute Orion

Balearen Eguna maiatzaren 16an egingo da, larunbata, eta ohi bezala, herri-antzerkia izango da egunaren ardatz nagusia. Benito Lertxundiren omenez egingo den kontzertua izango da aurtengo programaren mugarri nagusietako bat.

Maiatzaren 14an 125 urte beteko dira Orion euskal kostaldeko azken balea harrapatu zenetik. Urteurren bereziaren bueltan, Orioko Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, ia hilabeteko egitaraua prestatu du Balearen Eguna ospatzeko xedearekin. Hala, apirilaren 24tik maiatzaren 17ra bitartean kontzertu bereziak, hitzaldiak, herri-afaria, artisau azoka, haurrentzako ikuskizuna eta beste hainbat kultur-ekimen bilduko ditu programak. Ekintza sortaren barruan, maiatzaren 16an izango da festa nagusia, Balearen Eguneko ospakizun handia.

Anuska Esnal Orioko alkateak adierazi duenez, “Balearen Egunak indar sinboliko handia du oriotarrontzat, herriaren iruditeriarekin eta memoria kolektiboarekin estu lotuta dagoelako”. Aurtengo programak iragana gogoratzeko ez ezik, “gaur egungo begiradatik herriaren etorkizunaz hausnartzeko ere balioko du”, azpimarratu du Xabi Ibarguren Kultura zinegotziak.

Balearen Eguna maiatzaren 16an egingo da, larunbata, eta ohi bezala, herri-antzerkia izango da egunaren ardatz nagusia. 11:45ean hasita, antzerkitxoak egingo dira herriko Alde Zaharrean, eta 12:30etik aurrera, balearen ehiza, moilara etorrera eta herritarren festa irudikatuko dira, antzerkia, dantza eta musika uztartuta. Jarraian, mahaiak eta aulkiak jarriko dira herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dutenek bertan mokadua egiteko aukera izan dezaten.

Arratsaldean, berriz, Ttipika dantza gidatuekin eta Itzal erromeriarekin gozatzeko aukera egongo da, eta gauean DJ Ostok jarriko du musika, festa luzatzeko.

Ibargurenen hitzetan, “aurten esfortzu berezia egiten ari gara Balearen Eguna prestatzen, urteurrenak merezi duen tamaina izan dezan”. Herri-ikuskizunaren gidaritza Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren esku utzi dute aurten, Iñake Irastorza herrikidea erretiroa hartuta dagoelako. Gainera, 150etik gora herritarrek eman dute izena antzerkian parte hartzeko. Antzezlanak aukera emango du herriaren bilakaera erakusteko, aurreko edizioetan bezala, duela 125 urteko Orio irudikatuko baita.

Benito Lertxundiri omenaldia

Aurtengo programaren mugarri nagusietako bat izango da Benito Lertxundiren omenez egingo den kontzertua. Orioko musikariak 2024an laga zion kontzertuak emateari, eta Balearen Egunaren testuinguruan, aitortza egingo zaio bere ibilbide artistiko oparoari. Omenaldi modura, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur-abesbatza igoko dira taula gainera, Lertxundiren abesti ezagunenak interpretatzeko.

Olatz Zugastik kontatu duenez, “Udala gurekin harremanetan jarri zen Balearen Egunaren bueltan zerbait berezia egiteko, eta aurrez izandako esperientzian oinarrituta, Et Incarnatus eta haurren abesbatzekin kontzertua egitea erabaki zen. Gogotsu gaude, emanaldi berezia izango baita”. Migel Zeberio orkestraren zuzendariak gaineratu du “ilusio handiz” hartu zutela proposamena, eta hilabeteetako lanaren emaitza izango dela kontzertua. Guztira 150 parte-hartzaile izango ditu kontzertuak; 50 musikarik osatuko dute orkestra sinfonikoa, eta 100 haurrek abesbatza.

Kontzertua maiatzaren 15ean egitekoa zen, ostiralarekin, baina soinu teknikariek greba deitu dute egun horretarako, eta Orioko Udalak eta kontzertuan parte hartuko duten eragileek bat egingo dute haien aldarrikapenarekin. Horregatik, emanaldia hilaren 17ra atzeratzea erabaki dute, igandera, eta 20:00etan hasiko da.

Emanaldirako sarrerak apirilaren 24an jarriko dira salgai 17:00etatik aurrera turismo-bulegoan, eta asteartetik aurrera online erosteko aukera ere egongo da. Aurreikusten da 1.000 sarrera jartzea salgai; 700 turismo-bulegoan eta 300 online.

Solasaldia Benitorekin, Arraunetxen

Omenezko kontzertuaz gain, Benito Lertxundirekin solasaldia egingo da Arraunetxen, maiatzaren 7an, 19:00etatik aurrera. Hala, herritarrek aukera izango dute Lertxundiri bere ibilbide artistikoari, abestiei, bizipenei… buruzko galderak egiteko. Gainera, aurreko egunetan ere bidali ahal izango dira Benitorentzako galderak, Udalak horretaratuko ahalbidetuko duen esteka baten bidez.

Saio horretarako doako gonbitak apirilaren 29an, asteazkena, jarriko dira eskuragarri turismo-bulegoan, 17:00etatik aurrera.

Sormen Bizian Beka: Benito Lertxundi 

Orioko Udalak 2024an aurkeztu zuen Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoa. 2024-2028 epealdirako osatu den dokumentuan zehazten denez, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea da planaren helburu estrategikoetako bat. Hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka bat garatzea.

Udalak 2026an ikusi du egitasmo hori garatzeko aukera, eta Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu, arrazoi argi batengatik: bekaren lehen edizioan, Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarritutako lanak aurkeztu beharko dituzte interesdunek. Proposamenak oinarri arautzaileetan zehazten den modura baloratuko dira, eta ondoren, puntu gehien lortu dituen proiektuari emango zaio beka.

Udalak aurreratu duenez, dirulaguntza 7.000 eurokoa izango da, eta datozen egunetan emango dituzte xehetasunak, oinarri arautzaileak plazaratutakoan.

Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren 40. urteurrena

Orioko Danbolin Musika eta Dantza Eskolak 40 urte betetzen ditu aurten, eta Balearen Egunaren testuinguruan, urteurrena ospatzeko kontzertu berezia egingo da. Emanaldia maiatzaren 9rako iragarri dute, 22:00etan Karela kiroldegian, eta Elena Errasti zuzendariak adierazi duenez, “Danbolinen parte izan diren eta garen musikariok prestatutako saioa izango da, 350 lagunetik gora bilduko dituena”.

Kantu-afari herrikoia, itsas-ondareari lotutako hitzaldiak eta askoz gehiago

Aipatutako ekitaldi nagusiez gain, dozena bat saio programatu dira apirilaren 24tik maiatzaren 17ra. Ekimen horien helburua izango da herritarrak maiatzaren 16ko ospakizunaren aurretik girotzen joatea, eta aldi berean, herriko itsas ondareari lotutako ezagutza partekatzea eta herritarrentzako topaguneak sortzea.

Informazio gehiago, datozen egun eta asteetan

Oparoa da Balearen Egunaren bueltan aurkeztu den egitaraua, eta Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan programako ekimen bakoitzari buruzko informazio xeheagoa emango du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna