(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Euskal Herri osoko euskaltzaleak Iruñean biltzeko deia egin du

2024an irekitako bideari jarraipena emanez, helburua da egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea.

Euskalgintzaren Kontseiluak 2026. urteko Batzar Orokorra egin zuen ostiralean Baionan. Bertan, Kontseiluaren jardunaren balantzea eta kudeaketa plana onartzeaz gaiz, ekainaren 13an Iruñean egingo duten Euskaltzaleon Martxaren lema ezagutarazi zuten: Euskaraz bizitzeko behar den dena.

Hala, Kontseiluko bazkideek diagnostikoa partekatu zuten: “azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat.

Hala ere, adierazi zuten euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat dela, eta, ondorioz, “aurrerapausoak ez dira soilik esparru instituzionalean erabakiko. Indar sozial antolatua eta herritarren inplikazioa ezinbestekoak dira euskaltzaletasunaren giharra indartzeko”.

Testuinguru horretan kokatzen da ekainaren 13an Iruñean antolatzen ari diren mobilizazioa: Euskaltzaleon Martxa. Azaldu zutenez, “2024an irekitako bideari jarraipena emanez, helburua da egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea. Abenduan Bilbon egindako ekitaldiak diskurtso hori plazaratzeko balio izan bazuen, ekaineko hitzordua Pizkunde berri baterako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da. Euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat, euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada”.

Mobilizazioa 17:00etan  abiatuko da, hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak, eta puntu hauetatik abiatuko dira Iruñeko kaleak beteko dituzten hiru zutabeak. Zutabeetako bakoitzak euskarak behar duen Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna.

Lehenengoa, euskarak Euskal Herriko lurralde guztietan ofizialtasun osoa izan dezala aldarrikatuko duena: Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna, Nafarroako euskararen zonifikazioa gainditu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan oldarraldiaren ondorioz eragiten ari den desofizializazioaren aurrean euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat.

Bigarrena, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituena, euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde. Eta hirugarren zutabea, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko duena, azpimarratuko duena egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia.

Zutabeek Gazteluko Plazan bat egingo dute eta bertan egingo da ekitaldi politikoa, amaiera berezi bat emanez. Halaber, goizean zehar Iruñeko eragile ezberdinen eskutik kaleak girotzeko ekimenak egingo dira Alde Zaharrean. Beraz, egun osoan zehar Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko deia egingo da.

Kontseiluko kideek laguntza eskatu diete Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzaleei mobilizazioaren zentzua partekatzeko, ingurukoak mugiarazteko, sareetan deialdia zabaltzeko eta herritarren aktibazioan eragiteko. “Ekainaren 13a mugarri izatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa”, adierazi dute. Laguntzeko baliabide eta proposamen guztiak www.pizkundea.eus webgunean igotzen joango dira.

Bi bazkide berri

Bestalde, aurtengo batzarrean bi bazkide berri batu dira Kontseilura: Hamaika Telebista eta Garabide Elkartea. Hamaika Euskal Herri mailako euskarazko telebista da, euskarazko ikus entzunezkoak ekoitzi eta hedatzen dituena. Garabide, berriz, lankidetzaren alorrean ari den elkartea da, eta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu, euskararen esperientziatik abiatuta. Guztira, bazkide oso diren 28 eragilek eta 4 erakunde so-egilek osatzen dute Kontseilua.

Zabaldu:

Utzi erantzuna