Jaialdiak Batxilergoko eta Lizeoko ikasleak sorkuntza artistikoaren erdigunean jarri ditu, herriko txokoak dantzaz, antzerkiz eta musikaz betez. Ikastolen Elkarteak bultzatutako ekimen honek gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igarotzea lortu du, profesionalen laguntzarekin urte osoan landutako proiektuak plazaratuz.
Arrasateko kale eta plazak sorkuntza artistikoaren erakustoki bihurtu ziren, larunbatean, Piztu Plaza jaialdiari esker. Goizeko 10:00etatik iluntzeko 19:00etara, Euskal Herriko ikastola ezberdinetako gazteek euskal kulturaren plaza astindu zuten, euskarak bizi duen larrialdi-egoeraren aurrean belaunaldi berrien protagonismoa aldarrikatuz.
Ikastolen Elkartearen arabera, “jaialdia ez da ekitaldi puntual bat izan, ikasturte osoan zehar egindako sormen-prozesu baten amaierako loraldia baizik. Otsailetik martxora bitartean, ikasleek kultur eragile profesionalen tailerrak jaso zituzten beren ikastoletan, eta larunbateko ekitaldian, beraien kabuz egituratutako emanaldiak aurkeztu zizkioten komunitate osoari”.
Gazteak sortzaile eta gidari
Ekimenaren ezaugarri nagusia ikasleen lidergoa izan zen. Ikastolen Elkarteak hasierako bultzada eman bazuen ere, ikasleek hartu zuten jaialdiaren forma eta ekimen orokorra beraien gain, herritartasun kritikoa eta euskal kulturarekiko atxikimendua indartuz. Gainera, antolakuntzak ikuspegi feminista eta hizkuntza inklusiboa bermatu ditu prozesu osoan zehar.
Piztu Plazak “agerian utzi du euskal kulturaren etorkizuna gazte sortzaileen esku dagoela, aliantza sendoak sortuz ikastolen, kultur eragileen, komunikabideen eta administrazio publikoaren artean”. Behin plaza “piztuta”, proiektuak bere bidea jarraituko du hurrengo ikasturtean Euskal Herriko beste herri bat dinamizatzeko asmoarekin.