(argazkia: Jorge Fuembuena - Zinemaldia)

Maialen Beloki izango da Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria 2027tik aurrera

Jose Luis Rebordinos 2011. urteaz geroztik da Zinemaldiko zuzendaria eta 2026ko abenduaren 31n utziko du kargua. Beloki Zinemaldiko zuzendariordeetako bat da 2016az geroztik.

Maialen Beloki (Donostia, 1983) Donostiako Zinemaldiko zuzendaria izango da 2027ko urtarriletik aurrera. Hala erabaki du erakundearen Administrazio Kontseiluak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioa).

Donostian egindako ezohiko bilera batean Kontseiluak aho batez hartutako erabakia martxoaren 4an Jose Luis Rebordinos ordezkatuko duen pertsona izendatzeko deitutako lehiaketa publikoaren emaitza da. Rebordinos 2011. urteaz geroztik da Zinemaldiko zuzendaria eta 2026ko abenduaren 31n utziko du kargua. Beloki Zinemaldiko zuzendariordeetako bat da 2016az geroztik.

Belokik funtsezko eginkizuna izan du jaialdiaren azken urteotako bilakaeran, bai nazioarteko posizionamenduan, bai urte osoko jardueraren garapenean. Testuinguru horretan, Z365 / Urte osoko Jaialdia eredua bultzatu du, talentu berrien garapenean, prestakuntza zinematografikoan eta zinemaren inguruko pentsamenduaren sorkuntzan oinarritutako ekimen estrategikoa.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta Zinema Teoria, Analisi eta Dokumentazioan doktorea (Cum Laude) Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Bere ibilbideak kultura-kudeaketa, irakaskuntza eta ikerketa uztartzen ditu. Elias Querejeta Zine Eskolako Zuzendaritza Akademikoaren parte da, eta bertan irakasle ere bada; Mondragon Unibertsitatean ere aritu da irakasle bezala.

Bere ibilbidean zehar, proiektu estrategikoetan parte hartu du, hala nola Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuan, eta jarduera nabarmena garatu du hizlari eta egile gisa zinema arloan.

Halaber, ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko programa eta ekimen ezberdinetan parte hartu du, ICAA bezalako erakundeekin lankidetzan. Bere izendapenak ikuspegi estrategikoa, sektorearen ezagutza eta kultura garatzeko konpromisoa uztartzen dituen profilaren aldeko apustua indartzen du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna