Zinema-aretoetan 24 film ikusi ahal izango dira euskaraz urtean, orain artekoaren bikoitza. Ekimenak, halaber, euskarak plataforma digitaletan duen presentzia indartuko du, 1.000 titulu inguru izango baitira eskura.
Adi! Filmak euskaraz proiektua martxan da. Ekimenak ikus-entzunezkoen esparruan euskararen presentzia handitzea du helburu eta kultura-kontsumo handieneko espazioetako batean indartuko du euskararen presentzia: ikus-entzunezko aisian.
Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, “euskarak ere presente egon behar du eguneroko aisia-espazioetan eta kultura-kontsumoan”, eta, adierazi duenez, proiektu honek “aukera berriak zabaltzen ditu herritarrek, batik bat belaunaldi berriek, euskara naturaltasunez bizi dezaten, baita ikus-entzunezkoen esparruan ere”.
Hala, proiektu honi esker, zinema-aretoetan euskarazko filmen kopurua bikoiztu ahal izango da, eta urtean 24 estreinaldi izango dira euskaraz, horien artean nazioarteko 12 ekoizpen handi.
“Publikoak, batez ere familiek, haurrek eta gazteek, estreinaldi komertzial handiak euskaraz ikusi ahal izatea” da helburua, euskara aisialdiko ohituretan ere sar dadin.
Programazioak animazioa, familiako zinema eta nazioarteko frankiziak uztartuko ditu, eta zinema-aretoetan dagoen euskarazko eskaintza nabarmen handitu.
Plataforma digitalak: eduki gehiago euskaraz
Ekimenak ekosistema digitalean ere eragiten du, streaming plataformetan ere euskararen presentzia bultzatzen baitu, bikoizketa eta azpitituluen bidez.
Lehenengo kalkuluen arabera, dagoeneko 1.000 titulu inguru daude eskuragarri euskaraz zenbait plataformatan, besteak beste, Netflix, Amazon Prime Video eta Movistar Plus+ plataformetan, EITBko edukiez gain.
Proiektuak eskaintza hori zabaltzen jarraitu nahi du eta ikusgarritasuna hobetu, herritarrek errazago eskuratu ahal izan ditzaten.
Zer, non eta noiz ikusi
Eduki horiek jendearengana hurbiltzeko, gune espezifikoa prestatuko da Kulturkliken, eta bertan erraz kontsultatu ahal izango dira: euskaraz eskuragarri daude filmak, zinema-aretoak eta plataformak eta datak.
Tresna horrekin batera, familiei eta gazteei bereziki zuzenduko zaien komunikazio-kanpaina ere garatuko da.