(argazkia: Iker Azurmendi)

Argia Dantza Taldearen bilakaera ardatz duen erakusketa ireki dute San Telmo Museoan

Ikusgai jarri diren piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude. Erakusketa ekainaren 21era arte ikusgai izango da museoko Laborategia aretoan.

 

Zabalik da San Telmo Museoak eta Argia dantza taldeak elkarlanean sortu duten Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia izeneko erakusketa; San Telmok, Argiak eta Ikerfolkek egin dituzte ekoizpen lanak eta Argiaren bilakaera du ardatz. Euskal dantzaren azken 60 urteetako bilakaera ulertzeko gakoak diren testuingurua, irudiak, doinuak eta jantziak biltzen ditu.

 

Azaldu dutenez, “Argiak eta San Telmok izandako harremana erakusketaren zutabeetako bat da”, museoa dantza taldearen egoitza izan baitzen urte luzez; San Telmo zaharrean egiten zituzten entseguak eta bertan aritu ziren ikerketa lanetan ere.

Argia taldeko Ane Albisu, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltz, Frantxi Lopez Landatxerekin eta museko lantaldearekin batera, aritu dira erakusketa prestatzen.

 

Esposizioa sarrera eta bi gune nagusitan dago antolatuta, arkupea eta plaza. Ikusgai jarri diren piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude. San Telmok bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean Dario de Regoyosen margolan bat, XVIII. mendeko egurrezko kutxa baten aurrealde landua, eta hainbat grabatu eta akuarela. Gainera, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguak eta artxibo partikularretatik etorritako pieza, liburu eta dokumentuak ere biltzen ditu erakusketak.

 

Erakusketa ekainaren 21era arte bisitatu ahal izango da museoko Laborategia aretoan, doako sarrerarekin. Erakusketari lotutako jardueren programazioan, solasaldi eta hitzaldi bana, tailerrak eta bisita gidatuak izango dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna