Fiedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberria euskaratu beharko du. Santamariak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2027ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Idoia Santamaria donostiarrak irabazi du 2026ko (H)ilbeltza beka eta Fiedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberria euskarara ekarri beharko du. Epaimahaiak haren alde egin du, bekara aurkeztutako hamaika laginak aztertu ondoren. Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Amaia Apalauza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkaria izan dira epaimahaikideak. Euren ustez, “itzulgaiaren erregistroa eta Durrenmatten estilo berezia egoki euskaratu ditu” Santamariak, “joskerari arreta berezia” jarri diola argudiatuta. Era berean, Santamariak alemanetik itzultzerakoan “hizkera neutroa bezain zehatza” erabiltzen asmatu egin duela nabarmendu dute.
Santamariak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2027ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Bekaren xedea
Euskarazko nobela beltza sustatzea du helburu bekak, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da.
Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka.
Lehen ediziotik, 2019an, eleberri beltz hauek argitaratu dira bekari esker: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu; Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskaratua; Joxan Oizen Amazurtza; eta argia ikusten azkena, Guillem, Nuria Cadenesek idatzi eta Amaia Apalauzak euskarara ekarria. Gaizka Sarasolarena izanen da hurrena, eta, ongi bidean, neguarekin batera helduko da bere lana.