(argazkia: Taupa euskaltzaleen mugimendua)

0-12 urteko haurrak dituzten gurasoei zuzendutako Eusfera ekimena abian da

Iruñean, Donostialdean eta Barakaldon egin dituzte lehen Euspazioak. Euspaziorik ez duten herrietako gurasoek, etxean etxekoekin egiteko misioen bidez parte hartzeko aukera zabalik dute webguneko Gurasoen Txokoan dagoen galdetegiaren bitartez.

Iruñeko Gazteluko plazan egindako ekitaldiarekin ekin zaio bete-betean Eusfera ekimenari. Haurren unibertsoa, eskolatik kanpoko eremuak, euskalduntzea helburu duen egitasmoak 100 udalerri inguru murgilduko ditu bere orbitan hurrengo hamaika egunetan. Ekitaldian, Uxue Izko Taupa euskaltzaleen mugimenduko koordinatzaileak eta Jon Bujanda Irauli guraso elkarteko ordezkariak hartu dute hitza.

Izkok iragarri duenez, Euskal Herri osoan zehar 146 Euspazio antolatu dira guztira, gurasoek eta haurrek euskaraz elkarrekin gozatzeko eta parte-hartzeko, ekintza zehatzen bueltan antolatuak.

Iruñean ez ezik, Barakaldon (disko festa eta puzgarriak) eta Donostialdean (Parketarrak) jarri dira martxan lehenengo Euspazioak. Gaurtik aurrera, tokian tokiko Euspazioetan parte hartzeko aukera izango dute familiek, ekimena bukatu eta haragora arte. Izan ere, maiatzaren 22an ere Euspazioak egongo dira, esaterako, Leioan eta Zizur Txikian. Euspazioen agenda osoa Eusferaren webgunean (eusfera.taupamugimendua.eus) dago kontsultagai, Gurasoen txokoan.

Iruñeko ekitaldian, Taupako zein Irauli elkarteko ordezkariek euskarak haurren aisialdian duen garrantzia nabarmendu dute. Bujandak azaldu du ezinbestekoa dela gaztetatik euskaraz bizitzeko aukera badela erakustea: “Euskara ez da bakarrik ikastetxeetan erabiltzeko hizkuntza; euskaraz irakurri, dantzatu, amestu, sortu eta gozatu daitekeela erakutsi nahi diegu gure haurrei”. Gainera, euskara mundua ulertzeko eta gorpuzteko bitartekoa ere badela gaineratu du, eta ikuspegi hori bat datorrela Eusferak bultzatzen duen ildo komunitarioarekin.

Etxeko misioak

Izkok gogorarazi du Euspaziorik ez dagoen herrietako familiek ere badutela parte hartzeko modu zuzen bat: etxean egiteko misioak. Hauek gurasoek eta haurrek elkarrekin egiteko erronka gozagarriak dira (adibidez, elkarrekin pelikula bat ikustea edota etxeko hiztegi elebiduna sortzea), eta gurasoen eta haurren arteko elkarrizketa sustatzen dute. Horiek jasotzeko, nahikoa da webguneko galdetegi laburra betetzea; familiaren profilera egokitutako misioak posta elektronikoz jasoko dituzte, ekintza horiek aurrera eramateko beharrezko euskarazko baliabideekin batera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna