Zabalguneko merkatuan paratutako Erosketatik grebara erakusketak argazkiak, berriak eta argitalpenak biltzen ditu, 1951ko maiatzeko grebaren 75. urteurrenaren karietara.
Emakumeek 1951n elikagaien prezioen igoeragatik egindako greba orokorrean izan zuten protagonismoari buruzko erakusketa da Erosketatik grebara. Hiru urte eskas lehenago eraikitako Zabalguneko merkatua izan zen greba orokorraren hasieraren epizentroa Iruñean. Greba 1951ko maiatzaren 7an hasi eta lau egun iraun zuen, hiriko langile-klasea mobilizatu zuen, eta emakumeek protagonismoa izan zuten, protesta sustatu eta parte-hartze esanguratsua izan baitzuten. Argazki-erakusketa honek egun horiek ekartzen ditu gogora, bai eta 75. urteurrena betetzen duen gertakari horretan emakumeek izan zuten garrantzia ere.
Hala, garai hartan, Zabalguneko merkatuan bizitako eszenak eta uneak biltzen ditu erakusketak, bai eta bertako postuak, saltzaileak eta beste emakume batzuen lan-jarduera ere. Horrez gain, nazioarteko prentsan grebari buruz argitaratutako berriak eta garai hartako ezkutuko beste argitalpen batzuk ere biltzen ditu.
Panelen bidez, Zabalguneko merkatuan egun hura eta greba nolakoak izan ziren azaltzen zaie herritarrei. Erakusketa osatzen duten argazki eta irudiak eskuratzeko, funts hauek baliatu dira: Nafarroako Artxibo Nagusia, Nafarroako Museoa, Iruñeko Udal Artxiboa, Memoria Historikoaren Funts Dokumentala, hemerotekak, fototekak eta beste funts pribatu batzuk.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna
Erakusketa Iruñeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako IV. Planaren 4. ildoaren (Parte-hartzea eta eragin politikoa) barruan dago, zeinak balioan jartzen baitu Iruñean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean emakumeek, emakume-talde eta -elkarteek eta feminismoak egin duten ekarpena.
Emakumeen Udal Kontseiluko Emakumeak Izendatu Iruñean taldeak sustatu du erakusketa, Iruñeko Udalarekin lankidetzan. Erakusketa gutxienez hilabete batez egongo da ikusgai Zabalguneko merkatuan, eta merkatuaren ordutegian bisitatu ahal izango da: astelehenetik larunbatera, 08:30etik 14:30era; ostiraletan, arratsaldez ere, 17:00etatik 20:00etara bitarte.