Lanak bidaltzeko epea irailaren 21era arte egongo da zabalik eta eta irabazleak 2027ko martxoaren 11n emango dira ezagutzera.
Kutxa Fundazioak Literatura Sarien 47. edizioa jarri du abian, eleberri eta poesia modalitateak sustatzeko helburuarekin. Deialdia euskaraz zein gaztelaniaz idazten duten egileei zuzenduta dago, eta lanak aurkezteko epea irailaren 21era arte egongo da zabalik.
Ibilbide luzea duen lehiaketa hau gaur egungo literatura-joeretara egokitu da, sormena eta obren zabalkundea ardatz hartuta. Parte hartzeari dagokionez, euskarazko kategorietan munduko edozein txokotako idazleek har dezakete parte; gaztelaniazkoetan, berriz, Estatu espainiarrean bizi direnei mugatuta dago deialdia. Horrela, Fundazioak euskararekiko konpromisoa erakutsi nahi du, hizkuntza gutxitua den aldetik.
Modalitateei dagokienez, eleberriaren atalean gai eta narrazio askeko lanak aurkez daitezke, gutxienez 150 folioko luzera dutenak; kasu honetan, saria 20.000 eurokoa eta garaikurra izango da.
Poesiaren atalean, berriz, errima, neurri eta gai libreko obrak onartuko dira, gutxienez 800 bertsokoak, eta irabazleak 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu.
Guztira, 70.000 euro banatuko dira saritan deialdi osoan.
Sari hauen ezaugarri nagusietako bat irabazleek beren lana argitaratuta ikusteko aukera izango dutela da. Euskarazko liburu irabazleak Elkar argitaletxearen bidez plazaratuko dira, ohi bezala. Gaztelaniazko lanen kasuan, Pepitas de Calabaza argitaletxeak editatuko du eleberria eta Reino de Cordelia etxeak poesia-lana.
Epaimahaiaren erabakia eta irabazleen izendapena Donostian egingo da, 2027ko martxoaren 11n.