(argazkia: Errenteriako Udala)

Maiatzaren 10etik 16ra izango da Musikasteren 54. edizioa Errenterian

Jaialdiak helburu berarekin jarraituko du: euskal sortzaile eta interpreteei laguntza ematea. Halaber, edizio honek euskal sorkuntzako bi izen garrantzitsu omenduko ditu: Juan Crisostomo de Arriaga, haren heriotzaren bigarren mendeurrenean, eta Ricardo Sabadie, jaiotzaren mendeurrenean, Real Sociedad taldearen Txuri Urdin ereserkiaren egilea”.

Maiatzaren 10etik 16ra izango da Eresbil Fundazioak – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari abesbatzak antolatzen duten Musikaste Euskal Musikaren Astearen 54. edizioa. Aurten jaialdiak zazpi emanaldi eta Akelarre: marearen kontra dokumentalaren proiekzioa eskainiko ditu.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “jaialdiak helburu berarekin jarraituko du: euskal sortzaile eta interpreteei laguntza ematea. Halaber, edizio honek euskal sorkuntzako bi izen garrantzitsu omenduko ditu: Juan Crisostomo de Arriaga, haren heriotzaren bigarren mendeurrenean, eta Ricardo Sabadie, jaiotzaren mendeurrenean, Real Sociedad taldearen Txuri Urdin ereserkiaren egilea”.

54. edizio honetan hainbat kontzertu egingo dira Errenteriako hainbat agertokitan. Heinrich Walther organo-jotzaile alemaniarrak emango dio hasiera Andre Maria Jasokundearen elizan, hark Arriaga eta Usandizagaren lanen gainean egindako bi moldaketa interpretatuko ditu. Jarraian, Andra Mari abesbatzarekin batera, Tomas Garbizuren Misa Benedictaren ordinarioaren hiru zati eskainiko ditu. Ondoren, Errenteriako Udal Txistulari Taldeak eta hainbat herri-eragilek kaleak girotuko dituzte, eta eguna Errenteriako Musika Bandaren kontzertuarekin amaituko da. Jaialdiak, gainera, jardunaldi pedagogikoak, musika herrikoi eta garaikideko proposamenak eta Akelarre: marearen kontra dokumentalaren proiekzioa ere hartuko ditu barne.

Abesbatzen Eguna

Aurtengoak Abesbatzen Eguna ere jasoko du maiatzaren 15ean, Lekuona Fabrikan. Euskal Herriko hainbat abesbatza elkartuko dira bertan, tartean Zaria Koru Eskola, Coral Ondarreta, Nurat Gazte Abesbatza eta San Fermin Abesbatza, azken honen 50. urteurrenaren atarian. Jaialdiari amaiera, berriz, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak emango diote maiatzaren 16an, Ana Otxoa Pando sopranoarekin batera eta Pablo Urbinaren zuzendaritzapean. Jarduera osagarri gisa, maiatzaren 17an Hara! topaketa egingo da Lekuona Fabrikan, herriko ikastoletako ikasleen parte-hartzearekin.

Sarrerak jada eskuragarri daude, eta aldez aurretik erosi daitezke Eresbil Fundazioaren egoitzan (Alfontso XI kalea, 2, Errenteria), Lekuona Fabrikan (Urantzu kalea, 7, Errenteria) eta esteka honetan. Halaber, emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago ere salgai jarriko dira aretoetako leihatiletan.

Emanaldi gehienak 19:00etan hasiko dira. Salbuespen gisa, Abesbatzen Eguna 19:30ean hasiko da, eta igandeko kontzertuek ordutegi bereziak izango dituzte.

Jaialdiaren egitarauari buruzko xehetasun guztiak hemen aurki daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna