Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 23. edizioaren irudia aurkeztu du. Kartela Jules Mamone artista argentinarrak egin du. Honetan, komunitatea erresistenzia eredu gisa erakusten da.
Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioaren irudia aurkeztu du. “Zinegoakek bestetasuna, singulartasuna eta munstroaren figura aldarrikatuko ditu ez-normatibitatearen metafora gisa”. Hala, egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak, topaketak eta zinema-industriari buruzko atal bat jasoko ditu.
Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, “historikoki ‘bestea’ izendatu izan dena eztabaidaren erdian jartzea proposatzen du aurtengo edizioak. Gauza singularrak, arraroak eta deserosoak aldarrikatzen ditugu. Munstroaren figurara hurbiltzen gara, ez ezkutatu behar den zerbait bezala, baizik eta existitzeko, desiratzeko eta komunitatea eraikitzeko toki gisa”.
Jules Mamone artista argentinarra
Ideia horiek Jules Mamone artistak sortutako irudia ere zeharkatzen dute. Haren lanak, kolektiboki elkartzeak sortzen duen indarra, zein existentzia modu alternatiboak aztertzen ditu. “Banakoak eta deskonektatuak nahi gaituzten sistemetatik urrun dauden erritualetan eta bizimoduetan pentsatu nahi nuen”, adierazi du.
Sugar txikien iruditeria batetik abiatuta eraikitzen da kartela, akelarre anitz eta kolektibo bat sortuz. Bertan, elkartzearen indarra, eraldaketa eta partekatutako mikroerresistentziak islatzen dira. “Iraultza posible bat imajina dezakegu, indibidualitateen batuketa ez den su kolektibo bat sortuz, baizik eta loturatik eraikitako indar komun bat sortuz”, nabarmendu du Mamonek.
Gainera, Zinegoak bezalako espazioek ikus-entzunezko garaikidearen barruan queer narratibetarako duten garrantzia azpimarratu du artistak. “Jaialdi askotan bigarren mailako espazio batera baztertutako queer sail bat dago, lan horiek benetako protagonismoa eta ikusgarritasuna behar dutenean”, dio.
Bilboko jaialdia ekainaren 22tik 29ra egingo da Bilboko hainbat espaziotan, besteak beste, Alondegian, Golem Alhondigan, Bilborocken, Bilboko Guggenheim Museoan, Arriaga Antzokian, Pabellon 6n, BBK Aretoan, Algortako Muxikebarrin, La Sinsorgan, Bira Kulturgunean eta Sarean-en. Ekainaren 22an, astelehena, irekiera-ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian.
Edizio honetan ere film luzeak, film laburren zikloak, euskal ekoizpenak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazioarteko zinemagileen bisitak eta eztabaidarako eta hausnarketarako guneak izango dira jaialdian.
Azkenik, ekainaren 16tik 29ra hainbat jarduera osagarri egingo dira 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaren baitan: antzerkia, musika, performanceak, aurkezpenak eta proiekzioak.
