‘Dar-dar’ lelopean itzuliko da Literaturia jaialdia Zarautzera

Maiatzaren 29tik 31ra izango da aurtengo edizioa. Asteburu batez euskal letren topagune bihurtuko du Zarautz. Dar-dar lelopean, literaturaren inguruko aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak, omenaldiak eta ikuskizunak hartuko ditu egitarauak.

Udaberri amaierarekin batera itzuliko da Literaturia, eta aurten Dar-dar lelopean egingo du. Dardarak mugimendua, astinaldia eta barrutik zerbait pizten duen bulkada iradokitzen ditu; eta horixe bera izango da jaialdiaren asmoa ere: hitzen, ideien eta sorkuntzaren lurrikara txikien bidez, asteburu batez Zarautz euskal letren plaza bihurtzea.

Maiatzaren 29tik 31ra egingo den jaialdiak askotariko ekitaldiak hartuko ditu herriko hainbat gunetan. Beste urte batez, liburu azokak toki nagusia izango du Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. Larunbatean zehar, goizez eta arratsaldez, argitaletxeek euskal literaturako lanak erakutsiko dituzte beren postuetan, eta bertan egingo dira, halaber, liburu aurkezpenak.

Jaialdiaren hasiera maiatzaren 29an izango da, Maialen Berasategik Literaturiarako propio prestatutako manifestuaren irakurketarekin. Ondoren, Zerbait sartu zait begian emanaldiak emango dio jarraipena programazioari.

Hurrengo egunetan idazketa tailerrek, solasaldiek, omenaldiek, ipuin kontaketek eta musikak osatuko dute egitaraua. Tartean izango dira Armiarma atariari egingo zaion omenaldia, Lurdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa eta Habiaren Omen kontzertua.

Igandean, itzulpengintzaren inguruko elkarrizketa batek hartuko du lekukoa, eta Klera ikuskizunak jaialdiari amaiera emango dio, Kukai Dantza eta Maite Larbururen eskutik.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna