Marta Iraurgi

Marta Iraurgi, Julen Etxebarria eta Martin del Busto aukeratu dituzte Getxoarte Egonaldietarako

Egonaldiak uztailaren 5era arte egingo dira Itzubaltzetako Kultur Etxean. Helburua praktika artistiko garaikideen inguruko ikerketa ez-formaleko prozesuak eta espazioak ikusaraztea da, sortzaileen lana sustatzen lagunduz eta artearen nahiz kulturaren arloko beste profesional batzuekiko interakzioa erraztuz.

Getxoarte Egonaldi-beken zazpigarren edizioko epaimahaiak hiru ikerketa-proiektu aukeratu ditu aurten. Marta Iraurgi, Julen Etxebarria eta Martin del Busto izango dira Getxoko hainbat kolektibo eta elkarterekin elkarlanean arituko diren artistak. Proposamenak Itzubaltzetako Kultur Etxeko egoitzan garatuko dira datozen asteetan, eta bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du.

Marta Iraurgiren Habitar la demora proiektuak esplorazio artistiko eta kolektiboa proposatzen du, gorputz desberdinek Getxoko hiri-espazioa beren inguruabarretatik nola hauteman eta zeharkatzen duten azaltzeko. Asebier kolektiboarekin egindako ibilbideen bidez, artistak espazioa bizitzeko moduak ikertu nahi ditu, etenaldia, desbideratzea, geldotasuna eta gorputz-esperientzia bezalako kontzeptuetan arreta jarriz. Prozesuan zehar, argazkiak, objektuak, oharrak eta erregistro grafikoak bilduko dira udalerriaren “kartografia sentikorra” osatzeko.

Bestalde, Julen Etxebarriaren El tercer paisaje (II) proiektuak Omako basoaren eraldaketa ekologikoari eta materialari buruzko ikerketa artistikoa proposatzen du. Egonaldian zehar, Argia Fundazioarekin elkarlanean arituko da, zinema esperimentaleko tailerrak egiteko. Horietan, besteak beste, Getxoko paisaia marjinaletan ibilbideak antolatuko dira eta material natural zein pelikula analogikoarekin esku-hartze kolektiboak garatuko dituzte.

Azkenik, Martin del Bustok Closer proiektuaren bidez Getxoren beste begirada bat eskaini nahi du. 200 argazki-postalen bidez, paisaia edo monumentu ezagunak erakutsi beharrean, tailerren, denden, tabernen eta horiei eusten dieten pertsonen inguruko xehetasun intimo eta hurbiletan jarriko du arreta. Proiektuaren lankidetza-alderdiak merkatariak eta ostalariak sormen-prozesuan parte hartzera gonbidatuko ditu.

Egonaldiak uztailaren 5era arte egingo dira Itzubaltzetako Kultur Etxean. Getxo Kulturaren helburua praktika artistiko garaikideen inguruko ikerketa ez-formaleko prozesuak eta espazioak ikusaraztea da, sortzaileen lana sustatzen lagunduz eta artearen nahiz kulturaren arloko beste profesional batzuekiko interakzioa erraztuz.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna