Ehuntze sormen espazioak eta Metrokoadrokak Etena ez-erakusketa aurkeztu dute, kulturaren prekarietateaz eta azken urteetako babes instituzionalaren galeraz gogoeta egiteko. Maiatzaren 22tik 29ra, erakusketa huts baten bidez kultur politikak, auzolana eta kultur eragileen papera jarriko dituzte eztabaidaren erdigunean.
Hamaika urtez 21 Aulki egitasmoaren bidez sorkuntza eta kultura uztartu ostean, aurten bestelako bide bat hartu dute Ehuntze sormen espazioak eta Metrokoadrokak. Maiatzaren 22tik 29ra Etena izeneko ez-erakusketa antolatuko dute Oiartzunen: publikoari irekita egongo den erakusketa bat, baina hutsik.
Astebetez zabalik egongo den espazioak ez du ohiko edukirik izango. Ez da artista plastikorik gonbidatuko, ez lantegirik egingo, ez bitartekaritza jarduerarik, ezta performance osagarririk ere. Hala ere, ekimenak galdera bat jarriko du erdigunean: “Zer zen zuretzat kultura lehen, zer nahi zenuke izatea gero?”. Bisitariek erakusketa hutsaren barruan utzi ahal izango dituzte euren erantzunak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, proposamenaren atzean azken urteotan erakunde publikoen babes galeraren inguruko kezka dago, baina baita kultur jarduerak egiteko beharra eta nahia aldarrikatzeko asmoa ere. Horren bidez, kultur politikek hartu duten norabideaz —edo norabide faltaz—, prekarietateaz, auzolanaz eta kultur eragileen paperaz hausnarketa sustatu nahi dute.
Ekimenak, gainera, inaugurazio ekitaldia izango du maiatzaren 22an, 19:00etan. Une hori topagune bihurtu nahi dute antolatzaileek, kulturzaleei elkartu eta galdera partekatu baten inguruan gogoeta egiteko aukera eskainiz.
“Zorroztasunez eta umorez” heldu nahi diote ariketari, hutsune baten bidez kultura bera eta haren baldintzak erdigunean jarriz.