Arte eszenikoen inguruko lehen topaketetan parte hartu du Tolosako Topic zentroak

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo zentroko zuzendari Ainara Martinek parte hartu du lehen jardunaldi horietan. Museoen Nazioarteko Astearen barruan egin den hitzorduak arte eszenikoen inguruko elkarrizketa, komunitatea eta topaketa izan ditu ardatz.

Museoen Nazioarteko Astearen baitan, Almagroko Arte Eszenikoen Museo Nazionalak arte eszenikoei buruzko lehen jardunaldiak antolatu ditu, Elkarrizketa, komunitatea eta topaketa lelopean. Bi eguneko egitasmoak berrogeita hamar bat ikertzaile eta arte eszenikoetako aditu bildu ditu, ikerketaren, praktika artistikoaren, kultur zabalkundearen eta publikoaren arteko loturak sendotzeko helburuarekin.

Parte-hartzaileen artean izan da Ainara Martin ere, antolatzaileen gonbidapenez Topic aurkezteko bertaratu dena. Tolosako zentroaren lana eta jarduna arte eszenikoen inguruko esperientzien eta ereduen artean kokatu dituzte jardunaldietan.

Maiatzaren 19an eta 20an egin diren saioetan ondarea, kontserbazioa, sorkuntza eta jaialdiak izan dira eztabaiden ardatz nagusiak, arte eszenikoak lotura-hari gisa hartuta. Antolatzaileek jardunaldiak aurkezterakoan nabarmendu dutenez, asmoa izan da diziplina ezberdinen arteko elkarrizketarako espazio partekatuak eraikitzea.

Martinek Arte eszenikoekin partekatzea, erakustea eta inspiratzea izeneko mahai-inguruan parte hartu du, kultur komunikazioaren eta kudeaketaren esparruko hainbat ordezkarirekin batera. Horrela, Topic-ek ere bere lekua izan du arte eszenikoen inguruko hausnarketa eta topaketa gune honetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna