San Mamesen izango da hitzordua. Ikasle berriak eta ikasle ohiak bilduko ditu ekitaldiak eta musika eta bertsolaritza uztartu, EHUren komunitatea ospatzeko asmoz.
Euskal Herriko Unibertsitateak ekainaren 12rako prestatutako egitarau osoa aurkeztu du, unibertsitate publikoaren egun handi bihurtu nahi duen ekitaldi baten baitan. Lehen aldiz, gradu eta graduondoko amaiera-ekitaldi bateratua egingo da, eta horretarako aukeratutako agertokia San Mames izango da.
Aurkezpena estadioan bertan egin dute Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak. Bertan azaldu dutenez, hitzorduak EHUko ikasketak amaitzera doazen ikasleen aitortza egiteaz gain, unibertsitate komunitate osoaren ospakizun izan nahi du. “Guztiak EHUko ikasle ohiak izango dira, gainera. Hori baita ekitaldiaren helburuetako bat, EHU ospatzea”, azaldu du Bengoetxeak.
Ekitaldiaren egitarauan musika eta bertsolaritza uztartuko dira. Hala, Nogen izango da oholtzara igoko den taldeetako bat. Ane Negueruela abeslariak Medikuntza ikasi zuen EHUn eta mediku gisa ari da lanean, Nogen taldean abeslari aritzeaz gain. Bigarren musika emanaldia Janus Lester taldeak eskainiko du. Jokin Pinatxo abeslaria Kimikan graduatu zen eta iaz defendatu zuen tesia Euskal Herriko Unibertsitatean.
Musikaz gain, bertsolaritzak ere izango du tokia. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus igoko dira oholtzara ekitaldiaren hasieran, saio labur batekin. Biak ere EHUko ikasle ohiak dira, eta bertso txapelketa nagusiko txapeldunak.
Ekainaren 12an San Mameseko zelaia aulkiz beteko da 2026ko promozioko ikasleentzat; ikusleek, berriz, harmailetatik jarraitu ahal izango dute emanaldia, horretarako prestatuko diren pantaila erraldoien bidez. Horrela, EHUk urteko hitzordu berezi bihurtu nahi duen ospakizun berri bati emango dio hasiera.
EHUalumni sariak
Errektoreak azaldu duenez, “ekitaldi berezia izango da”. Izan ere, ”unibertsitate publikoa defendatzea ere badelako unibertsitatea ospatzea, bidelagun izatea eta gure gizarteari egiten dion ekarpena publikoki aitortzea”. Aitortza horren erakusle banatuko dira lehenengo EHUalumni sariak.
Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzaileak, Itxaso Ariza ingeniariak, Iñigo Lamarka abokatu eta EHUalumniko lehenengo presidenteak, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzaileak, Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasi zuen lehenengotariko emakumeak eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohiak jasoko dute 2026ko EHUalumni saria. Hainbat belaunalditako EHUko ikasle ohiek ibilbide profesional esanguratsua izan dute eta unibertsitate publikoaren balioen ordezkari gisa jasoko dute omenaldia ekainaren 12koan.
Bestalde, ekitaldi akademikoa den heinean, zientzia dibulgazioak ere bere lekua izango du eta ekitaldi berezia izanik, aitabitxi lanetan ere, akademiaren ordezkari berezia arituko da San Mamesen: Juan Ignacio Perez Iglesias, gaur egun Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak “Iraganaren etorkizuna” hitzaldia eskainiko du.
Palestina ere gogoan
Euskal Herriko Unibertsitateak Palestinaren kontrako erasoak salatuz hasi zuen ikasturtea irailean eta ildo horretan, ikasturte amaierakoan ere keinu bat izan nahi izan du Gazarekin. Hala, Palestinako musikariz osatutako Sol Band taldeko abeslariak ere parte hartuko du ekitaldian.
Senide eta lagunei ez ezik, ekitaldia gizarte osoari irekia dago eta sarrerak salgai daude 19,95 euroan, ehu.eus webgunean.