(argazkia: Arabako Bertsolari Elkartea)

Maia Ortiz de Zaratek eta June Astegietak ordezkatuko dute Araba Euskal Herriko Eskolarteko finalean

Aramaioko Kultur Etxean jokatu zen Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolartekoaren 31. finala. Sei gaztek hartu zuten parte saioan, eta epaimahaiaren erabakiaren ostean, Maia Ortiz de Zaratek eta June Astegietak lortu zuten Euskal Herriko finalerako txartela.

Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolartekoaren 31. finala jokatu zen larunbatean Aramaioko Kultur Etxean. 14 eta 18 urte bitarteko sei bertsolari gazte igo ziren oholtzara: Anitz Abarrategi, Jokin Onaindia, June Astegieta, Oinatz Basabea, Urko Lafuente eta Maia Ortiz de Zarate. Saioa Peru Abarrategiren gidaritzapean burutu zen

Finalistek hainbat ariketa eta gairi erantzun behar izan zioten. Zortziko handian, besteak beste, institutuko kamerak, neba-arreben gurasoekiko erantzunak eta lagun minak ikastera nora joan izan zituzten hizpide. Ondoren, zortziko txikiaren txanda heldu zen: hegazkin bateko koarentena egoeran elkar ezagutu duten ezezagunak, talde bereko lagunak edo etxean bakarrik geratutako anai-arrebak izan ziren egoera eta pertsonaia nagusiak.

Bakarkako ariketen ostean, epaimahaiaren puntuazioak erabaki zuen nortzuk ordezkatuko duten Araba ekainaren 13an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalean. Mikel Fernandez de Arroiabek, Aitor Jimenezek eta Oihane Pereak osatutako epaimahaiaren erabakiaren arabera, Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta izango dira Arabako ordezkariak.

Saioaren amaieran, Unai Andak txapela jantzi zion Maiari, eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa Eli Zalduaren eskutik jaso zuen irabazleak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna