(argazkia: Urmuga)

Urmugaren Urtantak Kanariar Uharteak eta Euskal Herria lotuko ditu migratzaileen errealitatea ikusarazteko

Mugak, memoria eta elkartasuna izango dira aurtengo Urmugaren Urtantaren ardatzak. Kanariar Uharteetan hasi eta Euskal Herrian amaituko den egitasmoak migrazioaren errealitatea ikusgarri egin nahi du, kultura eta natura uztartuz.

Musika, mendia eta elkartasuna uztartzen dituen Urmugaren Urtanta ekimenak zazpigarren edizioa aurkeztu du. Aurtengo egitasmoak berezitasun nabarmena izango du: Kanariar Uharteak eta Euskal Herria lotuko ditu, mugak zeharkatzen saiatzean bizitza galtzen duten migranteen memoria eta errealitatea ardatz hartuta.

Azken hiru urteetan Urmuga proiektuak eta Kanariar Uharteetako Contramapas egitasmoak elkarlanean jardun dute lurraldeak eta pertsonak lotzeko helburuarekin. Elkarlan horren emaitza izango da aurtengo Urtanta, muga administratibo eta fisikoek migratzaileentzat sortzen dituzten oztopoak agerian jartzea xede izango duena.

Egitasmoak Afrika eta Europa sinbolikoki lotuko ditu, Kanariar Uharteak eta Euskal Herria elkartuz, eta elkartasunaren aldeko mezu unibertsala zabaldu nahi du. Ekimenak bi atal izango ditu: lehen zatia Kanariar Uharteetan egingo da, maiatzaren 24tik ekainaren 1era; bigarrena, berriz, Euskal Herrian, uztailaren 17tik 25era.

Hego mugari begira

Maiatzaren 24tik aurrera, espedizioak La Palma uhartea zeharkatuko du, eta maiatzaren 30ean amaituko da El Hierroko Puerto de La Restingan, Kanariar Uharteen Egunean. Estatu espainiarreko hego muturrean kokatutako gune hori “Estatuko Lesbos” izenez ere ezaguna da, migratzaileen migrazio-bideen sinbolo bilakatu baita.

Bertan egingo da ekimeneko oroimen-ekitaldi nagusia, itsasoan bizitza galdu duten migratzaileen omenez. Emanaldian hainbat artista eta talde ariko dira, eta kultura eta elkartasuna uztartuz, kaiukoetan iristen diren migratzaileen eta babesik gabeko adingabeen egoera ikusaraztea izango da helburua.

Uztailaren 17tik 25era bitartean, berriz, Euskal Herrira iritsiko da Urtantaren bigarren zatia. Aurten arreta berezia jarriko dute Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estatuen artean banatzen duen barne-mugan, bereziki Bidasoa inguruan; azken urteetan hainbat migratzailek bertan galdu dute bizia muga igaro nahian.

Egunero egingo dira mendi-zeharkaldiak eta hainbat kontzertu eta kultur ekitaldi antolatuko dira. Hitzordu esanguratsuen artean izango dira Ibardingo lepoan egingo den Herri Kanta kontzertua, Bidasoa ibaiko jaitsiera migratzaileen omenez, eta Lesaka eta Oiartzun arteko Errenga inguruko emanaldi bereziak.

Horrez gain, egitasmoa Arabara eta Bizkaira ere zabalduko da. Artomañan eta Delikan musika-emanaldiak egingo dituzte lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena gogoratuz, eta Urduñan erromeria giroko amaiera-ekitaldia antolatuko dute.

Antolatzaileek azpimarratu dute zeharkaldi guztietan naturarekiko errespetua eta jasangarritasuna izango direla oinarrizko irizpideak. Era berean, irisgarritasuna bermatzeko neurriak ere hartuko dira, Mendi Solidarioak taldearen laguntzarekin.

Urtanta 2026ko kontzertuetarako sarrerak ekainaren amaieratik aurrera jarriko dituzte salgai webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna