Hi bai artista! ekimenaren bidez, ikasleek artearen hizkuntza landuko dute —formak, koloreak, sinboloak, espazio publikoa edo emozioak—, baina horrez gain bestelako gaitasunak ere sustatu nahi dira: talde-lana, ahozko adierazpena, entzute aktiboa eta pentsamendu kritikoa, besteak beste.
Usurbilgo kaleetako ondare artistikoa hezkuntza komunitatera gerturatzeko urratsa eman du 650 Usurbil Bizi proiektuak, zeregin horretan eskarmentu handia duen Arazi taldearen laguntzarekin. Hi bai artista! du izena proposamen didaktikoak.
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi egitasmoaren gidariak eta Nerea Ibañez Arazi taldeko kideak eman dituzte ekimenaren xehetasunak. Azaldu dutenez, “azken hilabeteotan landutako proposamenak herriko ondare artistikoaren transmisioa indartu nahi du, hezkuntza komunitatera egokitutako ikuspegi berritzaile baten bidez”.
650 Usurbil Bizi proiektua 2022an jarri zen martxan, Usurbilen identitatea, balioak, ondarea eta herriaren izaera ezagutarazteko asmoz. Turismo eredu tradizionaletatik aldenduz, herriko errealitate anitzak erakustea izan du xede nagusietako bat. Herritarren parte-hartze prozesu baten bidez, “650 urteak beste” Usurbil daudela ondorioztatu zuten, eta ordutik hainbat ildo garatu dituzte ondare materiala zein immateriala balioan jartzeko.
Urteotan bisita gidatuak eta hainbat egitasmo antolatu dituzte, besteak beste ondare artistikoari lotutakoak. Horren barruan sortu zen Usurbil Museo Irekia, herriko kaleetan sakabanatutako artelanak eta ondare elementuak ezagutarazteko egitasmoa. Izan ere, herriko espazio publikoetan topa daitezke hainbat sortzaileren lanak: horma-irudiak, eskulturak eta artearen aztarnak plaza, kale eta hormetan banatuta. Herrian barrena aurki daitezke Arrastalu, Irantzu Lekue, Judas Arrieta, Alejandro Tapia eta Jose Luis Zumetaren horma-irudiak, baita Laka, Aranguren, Mendiburu, Zumeta edota Gorritiren eskulturak ere. Kaleak, plazak eta hormak sormenaren euskarri bihurtu dira urteotan.
Esperientzia horretatik abiatuta, eta ikastetxeekin egindako bisitek izan duten harrera ona ikusita, beste urratsa bat ematea erabaki dute sustatzaileek. Hala sortu da Hi bai artista! egitasmoa: ikasleen beharretara egokitutako proposamen pedagogikoa.
Usurbil Museo Irekia
Saioek bi atal izango dituzte. Lehenik, ikasleek Usurbil Museo Irekia ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute, herriko artelanak eta espazio esanguratsuak gertutik ezagutzeko. Ondoren, Potxoenean egingo den tailer praktiko batean parte hartuko dute, bizitakoa sormenaren bidez lantzeko.
Ekimenaren bidez, ikasleek artearen hizkuntza landuko dute —formak, koloreak, sinboloak, espazio publikoa edo emozioak—, baina horrez gain bestelako gaitasunak ere sustatu nahi dira: talde-lana, ahozko adierazpena, entzute aktiboa eta pentsamendu kritikoa, besteak beste.
Proposamena hezkuntza-etapa bakoitzera egokituta diseinatu dute, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ziklo desberdinetarako material espezifikoarekin. Gainera, jarduera ez dute egun bakarreko bisita huts gisa planteatu: irakasleek gelan aurretik eta ondoren lantzeko material osagarria ere prestatu dute.
Nerea Ibañezen hitzetan, egitasmoaren funtsa argia da: Usurbil bera ikasgela bihurtzea. Herriko plazak, muralak eta espazio publikoak ikaskuntzarako abiapuntu bihurtzen dira horrela, ikasleek artea museoetako hormetatik harago, eguneroko bizitzaren eta komunitatearen memoriaren parte gisa ulertzeko.