Haritz Azurmendi, Aitor Bengoetxea eta Agurtzane Solaberrieta (argazkia: UEU)

Euskararen adierazkortasuna izango dute hizpide XII. Jakin Jardunaldiek Usurbilen

Ekainaren 18an eta 19an egingo dituzte jardunaldiak, Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatuta. Ekainaren 16ra arte egongo da izena emateko aukera, UEUren webgunean.

Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izenburupean egingo dute aurtengo XII. Jakin Jardunaldia Usurbilen. UEUren Udako Ikastaroetako bat da egitasmoa, eta hamargarren urtez jarraian antolatu dute elkarlanean Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak. Ekainaren 16ra arte egongo da izena emateko aukera, UEUren webgunean.

Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Haritz Azurmendi Jakineko kideak hartu dute parte. Bengoetxeak gogorarazi du duela lau urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren harira, UEUk erabaki zuela ikastaroak gogoetarako gune bihurtzea. “Udako Ikastaroak partekatzeko gune dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka, eta parte-hartzea sustatzen saiatuko gara”, adierazi du. Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du: “Euskarak batzen gaitu hemen gauden erakundeak, eta euskararen adierazkortasuna izango dugu aztergai aurten: ziur emankorra izango dela”.

Usurbil ezagutzaren, jakin-minaren eta kulturaren topaleku bihurtuko dela nabarmendu du Solaberrietak. “Gisa honetako topaketak behar-beharrezkoak ditugu elkarrekin pentsatzen jartzen gaituztelako: herrigintzarako eta herri eraikuntzarako ezinbestekoa da”, azaldu du. Aurtengo gaiaren garrantziaz ere mintzatu da: “Garai likido eta ezegonkor, hegemonia-erauntsi eta diglosia-egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gutako bakoitzaren esanindarra handitzea, hizkera aberastea, hori ahoratzea, zabaltzea eta ondorengoei ematea”. Joxan Artzeren hitzak ere ekarri ditu gogora: “Axola dioten gauzetarako balio badio, erabiliko du hiztunak hizkuntza; balio ez badio, batera egingo dizkio kaixo eta adio”.

Haritz Azurmendik azaldu duenez, Jakin Jardunaldiek beti izaten dituzte “galdera batzuk eta kezka sozial batzuk” abiapuntu. Oraingoan, euskarak adierazkortasuna galtzen ari ote den edo gero eta zailagoa ote den errealitate sozialak euskaratik izendatzea izango dute eztabaidagai. Azurmendiren arabera, ezintasun horien atzean normalizazio falta eta minorizazio historia daude, baina gaia landu daitekeela defendatu du: “Badakigu Euskal Herriaren luze zabalean eta kulturaren koadrante guztietan egoerak ez direla berdinak, baina uste dugu ortzi-muga euskaltzalea horixe dela, hizkuntza landu beharra, pertsonalki, eta, batez ere, sozialki”.

Jardunaldietan hainbat korapilo eta ikuspegi ere landuko dituzte: hiztun guztien legitimitatea eta eredu adierazkorrak nola uztartu, minorizazioaren galerak eta hizkuntzaren bilakaera nola ulertu, edota gaur egun zein baliabide eta egitura dauden eta zeintzuk falta diren. Azurmendiren hitzetan, “non behar dugun jauzia esanindarraren auzian” izango da aztergaietako bat.

Zabaldu:

Utzi erantzuna