Jakingura jaialdiak jakin-mina eta pentsamendu kritikoa eramango ditu Gipuzkoara

Ekainaren 5ean Beasainen, 12an Bergaran eta 19an Donostian egingo da jaialdia. Hitzaldi, solasaldi, mahai-inguru, tailer eta emanaldien bidez, jaialdiak jakin-mina, ezagutza eta pentsamendu kritikoa landuko ditu, diziplina eta belaunaldi ezberdinetako ahotsak elkartuz.

Kutxa Fundazioak Jakingura jaialdia aurkeztu du, pentsamendu kritikoa eta jakin-mina ezagutzaren erdigunean jarri nahi dituen ekimena. Ekainaren 5ean Beasainen, 12an Bergaran eta 19an Donostian egingo den jaialdiak ezagutzara hurbiltzeko modu berriak proposatuko ditu hitzaldi, solasaldi, mahai-inguru, podcast, tailer, performance eta musikaren bidez.

Antolatzaileen esanetan, “helburua ez da jakin-minari buruzko ezagutza teorikoa zabaltzea, herritarrei galderak egiteko, ikuspegi desberdinak gurutzatzeko eta egungo erronkei begirada kritikoago eta zabalago batetik heltzeko beharra ikusaraztea baizik”.

Hala, jaialdiaren abiapuntua galdera bat da: zer leku du jakin-minak informazio eskerga, abiadura handia eta erantzun azkarrak nagusi diren gizartean? Kutxa Fundazioaren ikuspegitik, jakin-mina ez da soilik jakiteko gogoa; ezagutza sortzeko, zalantzan jartzeko, loturak egiteko eta mundua beste modu batera ulertzeko jarrera baizik.

Horregatik, jakin-mina pentsamendu kritikoarekin lotuko da jaialdian, eta hiru egunetako programak ahots ezberdinak jarriko ditu elkarrizketan, hezkuntzatik filosofiara, zientziatik ekonomiara, kazetaritzatik sorkuntzara eta kulturatik arte eszenikoetara jauzi eginez. Begirada horien bidez, beste hainbat galdera jarriko dira mahai-gainean: nola pentsatu zarataren garaian? Nola mantendu jakingura bizirik adimen artifizialak erantzunak berehala eskaintzen dituenean? Zer ikasi dezake enpresa-munduak hezkuntzatik? Edota nola zabaldu ezagutza formatu berrien bidez?

Jakinguraren asmoa, gainera, publiko desberdinetara iristea da, profil eta belaunaldi anitzetako herritarrei zuzendutako jardueren bidez. Izan ere, “jakin-mina haurtzarotik datorren bulkada da, mundua ulertzeko ahalegina, eta adinean gora, zaindu eta elikatu beharreko jarrera, itzali ez dadin. Horregatik, jaialdiak ezagutzaren alderdirik irisgarri eta biziena partekatuko du publikoarekin.

Egitaraua

Lehen hitzordua ekainaren 5ean izango da Beasainen, Igartzako Monumentu Multzoan. 18:30ean hasita, jakinguraren inguruan solasean ariko dira Iñigo Aranburu sortzaile eta komunikatzailea; Joxepa Madariaga, Gerriko Kultur Elkarteko ordezkari gisa; Maialen Olano moda diseinatzailea; eta Nerea Elias Biziola gizarte-ekimeneko kooperatibatik. Jarraian, Eider Saez abeslari lazkaotarrak zuzeneko emanaldia eskainiko du.

Bigarren topaketa, halaber, ekainaren 12an egingo da Bergarako Laboratorium Museoan, eta topaketan hartuko dute parte Oihana Arana idazle eta bertsolariak, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak, Mikel Rotaetxe kazetariak, Ander Mujika musikari eta sortzaileak, eta Maddi Iñarra irakasle eta komunikatzaileak. Saioa Amorante musikariaren kontzertuarekin osatuko da.

Jaialdiaren hitzordu nagusia ekainaren 19an izango da, Donostiako Tabakaleran. Egun osoko eta formatu anitzeko programazioaren bidez, jakin-mina eta pentsamendu kritikoa lehen lerroan jarriko dira.

Goizeko saioan (10:00-12:15), pentsamendu kritikoa, jakin-mina eta adimen artifiziala izango dituzte hizpide. Jardunaldiari hasiera emango dio Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, euskaraz egingo duen irekierarekin. Ondoren, Remedios Zafra eta Cesar Bona hizlariek hitzaldi bana eskainiko dituzte gaztelaniaz, eta bien arteko solasaldia ere izango da.

11:15ean, AA eta pentsamendu kritikoa. Zer gertatzen da jakin-minarekin erantzun guztiak ditugunean? izeneko mahaingurua egingo da euskaraz. Bertan parte hartuko dute Aitor Arregi zinema zuzendari eta gidoigileak (Moriarti), Garbiñe Manterola BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren zuzendariak, Niko Cuenca analista ekonomikoak eta June Fernandez kazetari eta idazleak. Jarraian, Kepa Errasti aktorearen bakarrizketa izango da euskaraz.

Goizeko saioa Rocio Vidal dibulgatzailearen hitzaldiarekin amaituko da, eta azken itxiera Globernance-ren eskutik egingo da euskaraz, Irakaskuntzaren eta dibulgazio zientifikoaren paradigma berria saioarekin.

Arratsaldean (17:00-20:30), bestelako jarduera eta emanaldiak izango dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna