(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Pizkunderako Erronka’ aurkeztu du, euskararen larrialdi linguistikoari erantzuteko hamar urteko proposamenarekin

Ezagutzan, erabileran, hezkuntzan eta hizkuntza politiketan jauzi bat proposatzen du egitasmoak, euskararen etorkizunerako “pizkunde berri bat” bultzatzeko asmoz.

Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkunderako Erronka aurkeztu du gaur, euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duten “larrialdi linguistikoari” erantzuteko eta biziberritze prozesuan jauzi berri bat emateko helburuarekin. Proposamenak datozen hamar urteetarako helburuak, adierazleak eta neurriak zehazten ditu, eta gizarte osoari zuzendutako erronka gisa aurkeztu dute: erakundeei, eragile sozialei eta politikariei nahiz euskaltzaleei.

Kontseiluaren arabera, azken urteotako diagnostikoek euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren motelaldia agerian utzi dute, baita atzeraldi arriskua ere. Horren aurrean, joera irauli eta “pizkunde berri bat” eragiteko beharra nabarmendu dute. Proposamena Batuz Aldatu izeneko adostasun sozialean oinarritzen da, 140 eragile sozial baino gehiagoren babesarekin.

Erronkaren ardatz nagusietako bat ezagutzan eman beharreko jauzia da: hamar urtean 300.000 euskaldun oso berri sortzea. Gaur egun urtean 15.000 euskaldun inguru irabazten direla azaldu dute, baina kopuru hori bikoiztea planteatu dute, urtean 30.000 euskaldun berri lortzeraino. Horretarako, lurralde bakoitzerako helburu zehatzak ezarri dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan urteko 13.000tik 25.000ra igotzea, Nafarroan 1.500etik 3.700era, eta Ipar Euskal Herrian 440tik 1.300era.

Erabilerari dagokionez ere helburu zehatza ezarri dute: hamar urte barru erabilera aitortua %20tik gora kokatzea, gaur egungo %15,3tik ia bost puntu irabazita.

Kontseiluak bost arlo estrategiko identifikatu ditu erronka hori gauzatzeko. Lehenengoa hezkuntza arautua da: EAEn euskarazko ikasteredua orokortzea proposatu dute; Nafarroan, murgiltze eredua %40ra zabaltzea eta ikasle guztiek gutxienez euskara ikasgaia izatea; eta Ipar Euskal Herrian, murgiltze ereduen hedapena eta curriculumetan euskararen presentzia bermatzea.

Bigarren ardatza helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada batean 120.000 euskaldun oso berri sortzea planteatu dute, eta horretarako ezinbestekotzat jo dituzte euskara ikasketen doakotasuna, koordinazio agentzia berri bat eta lan munduan euskararen presentzia handitzeko neurriak.

Hirugarren gakoa baliabide ekonomikoetan dago. Kontseiluaren arabera, gaur egun hizkuntza politiketara bideratzen den batez besteko inbertsioa %0,45ekoa da, eta hori %2ra igotzea proposatu dute.

Laugarren arloa arkitektura juridikoari lotutakoa da: euskararen ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan lortzea. Horren barruan kokatu dituzte EAEn “oldarraldi desofizializatzailea” etetea, Nafarroako zonifikazioa gainditzea eta Ipar Euskal Herrian ofizialtasun estatusa eskuratzea.

Bosgarren gakoak euskaraz bizitzeko baldintza integralak sortzea aipatzen du: kulturan, aisialdian, ingurune digitalean eta gizarte ehundura osoan euskarazko ekosistema indartzea. Kontseiluaren esanetan, horretarako ezinbestekoa izango da “euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua”.

Proposamena nazioarteko hainbat hizkuntza gutxituen estrategietan inspiratu da, hala nola Galeseko Cymraeg 2050, Kataluniako Pacte Nacional per la Llengua edo Galiziako Protocolo Lingua Vital egitasmoetan. Aurkezpenean hizkuntza komunitate horietako ordezkariek ere parte hartu dute.

Azkenik, Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxan parte hartzera deitu du, proposamenari babesa adierazteko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna