38 musikari gazte hautatu ditu EGOk 2026ko denboraldirako

205 hautagairen artean aukeratu dituzte Euskal Herriko Gazte Orkestrako kide berriak. Hautatutako gazteen batez besteko adina 20 urte ingurukoa da.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) amaitu du 2026ko entzunaldien prozesua, eta martxoan eta apirilean egindako probetara aurkeztutako 205 musikari gazteren artean 38 titular eta 54 ordezko hautatu ditu.

Hautatutako gazteen %75 Hego Euskal Herrikoak dira, eta EGOk nabarmendu du datu horrek erakusten duela proiektuak lotura estua duela inguruko musika-talentuekin eta belaunaldi berrien garapenean egiten duen ekarpenarekin.

Aurtengo edizioan, Musikene eta Nafarroako Goi-mailako Musika Zentroetako ikasleak dira hautatutako gehienak, baita Aragoiko Goi-mailako Musika Zentrokoak ere. Gainera, gero eta gehiago dira kontserbatorio profesionaletan ikasten ari diren eta EGOko plaza titularra lortu duten gazteak.

Parte-hartzaile kopuruaren eta hautagaien profilaren bilakaera positiboa izan dela azpimarratu du orkestrak. Azken urteetan bezala, hautagaien batez besteko adina jaisten ari da pixkanaka, eta gaur egun 20 urte ingurukoa da.

EGOk adierazi duenez, gazte askorentzat orkestra hau funtsezko espazioa da prestakuntzarako, hazkunde musikal eta garapen artistikorako, beren ibilbide profesionalaren atarian dauden une erabakigarrian. Esperientziak aukera ematen die errepertorio konplexuak lantzeko, beste musikari gazteekin elkarbizitzeko eta orkestra profesional baten dinamikan sakontzeko.

1997an sortu zenetik, 1.700 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Euskal Herriko Gazte Orkestran.

Zabaldu:

Utzi erantzuna