Haginak darakuskite proiektua saritu du epaimahaiak, errealismoa eta beldurrezko elementuak uztartzeko duen gaitasuna nabarmenduta.
Mikel Utrera Puelles idazle gasteiztarrak irabazi du aurtengo euskarazko literatura sorkuntzako Ignacio Aldecoa beka. Epaimahaiak haren Haginak darakuskite proiektua hautatu du; bertan, erakusketa moduan aurkeztutako Pertseidak ipuina jasotzen zen.
Balorazioan, epaimahaiak azpimarratu du egileak eguneroko egoeretan fantasiazko eta beldurrezko elementuak modu “iradokitzaile eta sinesgarrian” txertatzeko duen gaitasuna. Horrez gain, kontakizunaren eraikuntzaren sendotasuna, tentsioari amaierara arte eusteko erritmoa eta bigarren pertsonaren erabilera ere nabarmendu ditu, irakurlearekiko lotura indartzen duelakoan.
Halaber, espazio narratiboaren aukeraketa ere baloratu dute: hiriaren eta landagunearen arteko trantsizio eremuetan kokatzen da kontakizuna, euskal literaturan gutxi landutako eremu batean.
Bekaren bidez, 12.000 euro jasoko ditu Utrerak, eta 2026an euskarazko ipuin bilduma bat osatu beharko du. Lana urte amaiera baino lehen aurkeztu beharko du, eta emaitza 2027ko martxoan argitaratu eta aurkeztuko dute Ignacio Aldecoa Literatura Ipuinaren Nazioarteko Jaialdian.
Aurten 24 hautagai aurkeztu dira deialdira, eta antolatzaileek nabarmendu dute horrek erakusten duela gero eta interes handiagoa dagoela Kultura eta Kirol Sailak, Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen bidez, sustatzen duen ekimen honetan.
Mikel Utrera Puelles (Gasteiz, 1997) idazlea, aktorea eta zinemagilea da. EHUko Ingeles Ikasketetan graduatua da, eta ikus-entzunezkoen zein antzerkiaren arloan garatu du bere ibilbidea. Azken bi urteetan Hitz kolpez gazteei zuzendutako murgiltze antzerki proiektuan parte hartu du, eta egun bere lehen film laburra prestatzen ari da: Hemen lehen eguzkiloreak landatzen genituen.
Bestalde, Ernestina de Champourcin euskarazko eta gaztelaniazko poesia lehiaketara lanak aurkezteko epea ekainaren 10era arte egongo da zabalik.