30.000 sinaduraren babesa duela azpimarratuta, Aldatu Gidoiak ohartarazi du telebista linealetik haurrentzako eskaintza kentzeko arriskuak bere horretan jarraitzen duela.
Aldatu Gidoia ekimenak adierazi du EITBk hartu duen azken neurria “behin-behineko adabaki bat” dela, “ez nahikoa eta bermerik gabea”, eta EITBko zuzendaritzari eskatu dio publikoki argitzeko zein diren haurrentzako euskarazko eskaintzari buruz dituen asmoak.
Talde euskaltzalearen arabera, eragileen batasunari eta herritarren mobilizazioari esker lortu da, “behin-behinean eta partzialki” bada ere, ETBren kateetan haurrei zuzendutako eskaintza-tarte bat mantentzea. Hala ere, ohartarazi dute “telebista linealetik haurren eskaintza erabat kentzeko arriskuak hor jarraitzen duela”.
Aldatu Gidoiak azaldu duenez, apirilaren 1ean EITBko arduradunekin egindako bileran jakinarazi zitzaien epe motzean “erabateko trantsizioa” egin nahi dela Makusi plataformara. Horregatik, kezka agertu dute, eta EITBri eskatu diote bere asmoak argi azaltzeko.
Ekimenaren esanetan, EITBk apirilaren 13tik aurrerako neurriak ETB1 On-en seinalea lurreko telebista digitalerako bikoiztea ekarri du, haurrentzako seinale berezitu bat sortu ordez. Neurria “esanguratsua” dela aitortu arren, ez dela “jasangarria denboran” uste dute.
Horren aurrean, “Makusi plataformaz gain, Makusi katea” behar dela diote: haur eta gaztetxoei 24 orduz eta aste osoan euskaraz emitituko dien kate lineal propio bat. Taldearen ustez, plataforma digitalean zein telebista konbentzionalean marka propio sendo bat izanda soilik lortuko da haurrak “EITBren orbitara eta euskarara erakartzea”.
Era berean, azpimarratu dute telebista konbentzionalak oraindik ere indarra duela adin guztietan, eta ez dela onargarria euskarazko haur eskaintza “abandonatzeko” asmoa izatea. Gogorarazi dute erdarazko haurrentzako kateak oraindik ere existitzen direla ohiko telebistan, eta euskarazko eskaintzak ere bertan egon behar duela defendatu dute.
Aldatu Gidoiaren arabera, EITBk telebista linealetik haurrei zuzendutako eskaintza ezabatuko balu, ez luke beteko zerbitzu publiko gisa dagokion eginkizuna, hau da, haur eta gaztetxoei euskarazko ikus-entzunezko edukietarako sarbide unibertsala bermatzea.
Azkenik, ekimenak iragarri du datozen asteetan ahalegin berezia egingo duela haurrei zuzendutako euskarazko kate baten aldeko aldarria indartzeko eta eragile euskaltzaleak biltzeko. Taldeak gogorarazi du 30.000 sinadurak babesten dutela eskaera hori.