Txillardegiren ‘Leturiaren egunkari ezkutua’ irakurriko dute ehunka lagunek Bilboko Arriaga Antzokian

Ekainaren 4an egingo dute Klasikoen Irakurraldi Jarraitua. Ekimenak 19. edizioa beteko du aurten, eta euskal literaturaren mugarrietako bat omenduko du.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldi Jarraituak Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua izango du ardatz aurten. Ekainaren 4an egingo da irakurraldia, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik 14:00etara, eta ehunka lagunek hartuko dute parte testua txandaka irakurriz.

1957an argitaratutako Leturiaren egunkari ezkutua askorentzat lehen euskal nobela modernoa da. Txillardegik berak “bere giroko seme” gisa definitu zuen obra 1977ko hitzaurrean, eta existentzialismoaren eragina nabarmena da bertan, Jean Paul Sartre edo Albert Camusen lanetan bezala. Eleberriak existentziari buruzko gogoeta egiten du, eta lehen aldiz protagonista konplexu baten barne-gatazkak jorratu zituen euskal literaturan.

Bilbo Zaharra Euskaltegiaren arabera, obra hark “sorkuntzarako zelai berria” ireki zuen eta ondorengo belaunaldietako idazleentzat bidea urratu zuen, besteak beste Ramon Saizarbitoria edo Bernardo Atxagarentzat. XIX. Klasikoen Irakurraldi Jarraituak, hain zuzen ere, ekarpen hori omendu nahi du.

Joseba Sarrionandiak emango dio hasiera

Iurretako idazlea izango da Txillardegiren obrako lehen lerroak irakurriko dituena goizeko 08:00etan. Ondoren, euskal gizarteko hainbat eremutako ehunka lagun igaroko dira Arriagako foyerretik. Parte hartuko dute kultura eta gizarte eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakundeetako ordezkariek.

Ekitaldian zehar, Bilboko institutuetako ikasleen, diasporako kideen eta munduko 50 euskal etxetako euskara ikasleen bideoak ere proiektatuko dituzte. Horrez gain, 50 boluntario ariko dira antolakuntza lanetan.

Urtero bezala, Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko dute irakurraldia zuzenean jarraitzeko aukera emateko, eta EITBren webgunetik ere ikusgai izango da. Gainera, Zazpi Kaleetako eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta euskara irakasteaz gain, euskal kulturaren sustapenean erreferentziazko hainbat egitasmo bultzatu izan ditu urteotan. Testuinguru horretan sortu zen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua, euskal kultura herritarren artean zabaltzeko eta euskara ikasten ari diren ikasleen ahalegina aitortzeko helburuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna