Gazteentzako kultura urbanoa eta tokiko talentua bilduko ditu Gipuzkoan Gazte Tourrek, Ordizian

Ekainaren 5ean eta 6an izango da programaren geldialdi berria, tokiko talentua eta gazteei zuzendutako kultura proposamenak uztartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan Gazte Tour 2026 programaren geldialdi berria antolatu du Ordizian. Ekimenaren helburua da gazteei gaur egungo kultura-proposamen parte-hartzaileak hurbiltzea, sormen-hizkuntzei eta musika urbanoari lotutako jardueren bidez.

Programazioa ekainaren 5ean hasiko da, ostiralez, 18:00etan, Dorretxen egingo den dantza-masterclass batekin. Saioa Maitane Perez dantzari eta irakasleak gidatuko du. 2019an hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur egun irakaskuntza, hip hop prestakuntza eta ekitaldien antolaketa uztartzen ditu bere jardun artistikoarekin.

Kontzertu nagusia larunbatean izango da, ekainaren 6an, 19:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian. Bertan, Aimarz eta ASFA karteleko artista nagusiak izango dira. Nerea Garcia ordiziarrak emango dio hasiera jardunaldiari, tokiko talentu hasiberriaren ordezkari gisa. Gauari amaiera emateko, berriz, Undercarrot DJ izango da, genero eta soinu urbanoak nahastuko dituen saioarekin.

Isaac Palencia Kultura Sustapen eta Gazteriako foru zuzendariaren esanetan, programaren helburua da “gazteei kultura-espazio hurbilak, irisgarriak eta beren interesekin lotura dutenak eskaintzea”. Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako ekimenak Gipuzkoako herri ezberdinetara eramatea, kultura eskaintza “hirigune handietan soilik ez kontzentratzeko”.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ere balioa eman dio ekimenari, gazteei zuzendutako kultur eskaintzak “haien interes eta beharrei erantzuteko” duen garrantzia nabarmenduz. Alkatearen hitzetan, “Gipuzkoan Gazte Tour bezalako ekimenek aukera eskaintzen dute kultura gazteengana haien hizkuntza eta interesekin bat eginez iristeko”.

Ordiziako hitzorduaren ondoren, Gazte Tour 2026 programak udazkenean jarraituko du Gipuzkoako beste herri batzuetan, musika eta prestakuntza uztartzen dituzten proposamen berriekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna