Tolosako Topic zentroak sorkuntza prozesuak laguntzeko egonaldi artistikoen programa abiatu du

Txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren esparruan eta praktika eszeniko garaikideen inguruan lan egiten duten artistei zuzenduta dago Sceniterium, ikerketa, saiakera eta esperimentazioa erdigunean jarriko dituen egitasmoa.

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak Sceniterium izeneko egoitza artistikoen programa berria jarri du martxan. Txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren esparruan lan egiten duten sortzaile, konpainia eta kolektiboei zuzenduta dago egitasmoa, eta sorkuntza, ikerketa eta esperimentazio prozesuak laguntzea izango du helburu. Urtean bi deialdi izango dira: bata ekainean eta bestea abenduan.

Antolatzaileen esanetan, “Sceniterium Tolosako zentroaren egoitza-programaren birformulazio gisa sortu da, artistei lanerako, entzuteko eta laguntzarako espazio bat eskaintzeko asmoz. Aldi berean, sorkuntza garaikidearen, ekoizpen materialaren eta ondare biziaren arteko harremana sendotu nahi ditu”.

Programaren oinarrian dagoen ideietako bat da egoitza artistikoa proiektu artistiko bat ikertu, probatu, eraiki, partekatu eta garatzeko esparru bat izango dela. Horregatik, Sceniteriumek ez du derrigorrez azken emaitza itxi bat aurkeztea eskatuko, bilaketari, saiakerari, akatsari eta eraldaketari balioa emango die, sorkuntza-prozesuaren parte gisa.

2026ko irailetik abendura garatuko den programan parte hartzeko deialdia zabalik dago dagoeneko. Txotxongiloen eta objektuen antzerkian, maskaretan, lengoaia bisualetan, arte bizietan, performancean, diziplinarteko sorkuntzan edo horiekin lotutako praktika eszeniko garaikideetan lan egiten duten konpainiek, kolektibo artistikoek eta sortzaile indibidualek aurkeztu ahal izango dituzte euren proiektuak.

Hautatutako proiektuek lanerako espazioak, laguntza artistikoa, teknikoa eta ekoizpenekoa, prozesuaren zabalkundea eta proiektuari lotutako pieza material bat sortu, garatu edo ikertzeko laguntza espezifikoa izango dituzte, proiektu bakoitzaren ezaugarrien eta zentroaren erabilgarritasunaren arabera.

Informazio gehiago Topic zentroaren webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna