(argazkia: CC-BY-SA - EKE - Jakes Larre)

‘Eleketa’ programak Zuberoako lekukotasunak ekarriko ditu Sohütara

Ekainaren 12tik uztailaren 24ra bitartean egongo da ikusgai Elixaltenean, Euskal Kultur Erakundeak azken urteetan bildutako lekukotasunak publikoari hurbiltzeko asmoz.

Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Eleketa: Xiberoako oroimenak erakusketaren zati bat Sohütan izango da ikusgai udan. Erakusketa ekainaren 12tik uztailaren 24ra arte egongo da zabalik Elixaltenean, Le Panoramic ostatuan, publiko zabalak Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren lekukotasunak ezagutzeko aukera izan dezan.

EKEk ia 20 urte daramatza Ipar Euskal Herriko ahozko memoria biltzen, Eleketa programaren bidez, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obragintzapean. Bildutako lekukotasunen aberastasuna ezagutarazteko, mintzoak.eus ataria garatu du erakundeak, eta hainbat erakusketa ere ondu ditu urteotan, testigantzak berriz lurraldera itzul daitezen.

Sohütan ikusgai izango den erakusketa 2023an Maulen aurkeztutako Eleketa: Xiberoako oroimenak erakusketaren parte bat da, eta 2024an Gamere-Zihigan ere paratu zuten. Oraingo honetan, Lurdes Iriondo pastorala prestatzen ari diren aktore eta laguntzaile sohütarrek ere erakusketa ikusteko aukera izango dute mustraka (errepika) garaian.

Erakusketaren inaugurazioa ekainaren 12an egingo dute, 18:30ean, Elixaltenean bertan, aurkezpen labur batekin. Gainera, uztailaren 26an, Lurdes Iriondo pastoralaren azken emanaldiaren harira, egun osoan izango da ikusgai erakusketa.

Elixalteneko ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara izango da, eta igandeetan 9:00etatik 12:00etara. Larunbatetan itxita egongo da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna