(argazkia: Haziberri)

Silvia Perez Cruz, Gari&Maldanbera eta Esanezin izango dira Gernikako Haziberri festibalean

Uztailaren 15ean egingo da seigarren edizioa Gernikako Europako Herrien parkean, musika, jasangarritasuna eta belaunaldi ezberdinetako artistak uztartuko dituen kartelarekin.

Haziberri festibalak iragarri du aurtengo seigarren edizioko kartela: Silvia Perez Cruz kantautore kataluniarra, Gari&Maldanbera eta Esanezin izango dira uztailaren 15ean Gernikako Europako Herrien parkean egingo den jaialdiko protagonistak. Antolatzaileen hitzetan, hiru belaunaldi eta hiru estilo ezberdin ordezkatzen dituzte artistek, baina guztiek partekatzen dute “emozioak modu zintzo eta pertsonalean transmititzeko gaitasuna”.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Silvia Perez Cruz gaur egungo musika panoramako ahots artistiko berezi eta aitortuenetako bat da nazioartean. Palafrugellen jaiotako artistak flamenkoa, folk mediterraneoa, jazza, musika klasikoa, fadoa eta kantautoreen tradizioa uztartu ditu urteotan, bere unibertso artistiko propioa eraikiz. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, tartean Musika Garaikideen Sari Nazionala eta bi Goya sari”.

Bestalde, Gari&Maldanbera izango dira euskal musikaren ordezkari nagusietakoak aurtengo edizioan. Hertzainak taldeko ahots izandako Garik 30 urte daramatza bakarkako ibilbidean, eta Haziberrik nabarmendu du bere kontzertua “memoria kolektiboaren eta gertutasunaren arteko zubi” izango dela.

Esanezinek osatuko du aurtengo kartela. Ianire Aranzabek gidatutako euskarazko pop egitasmoak intimitatea eta hunkidura ditu ardatz. 2021ean abiatu zuen bidea, eta ordutik hiru lan argitaratu ditu; azkena, Hormetan Idazten. Lan horretan hormak hartu ditu abiapuntu maitasunaz, zauriez eta bizitzaren efimerotasunaz hitz egiteko.

Antolatzaileek azpimarratu dute Haziberri ez dela “soilik jaialdi bat”, baizik eta lankidetza sare zabal baten emaitza. Aurten, gainera, aitortza berezia egin nahi izan diote Baserritik Gernikara elkarteari eta bertan lanean aritu zen Dabid Zelaiari. Haziberri sortu zenetik jaialdia ahalik eta jasangarriena izateko egindako lanean izan duen ekarpena eskertu dute bereziki.

Beste urte batez, Erronka Garbia ziurtagiriarekin lan egingo du festibalak, espazio naturalarekiko errespetua eta jasangarritasuna ardatz hartuta.

Jaialdiak 18:00etan irekiko ditu ateak. Lehenik Esanezinek joko du atsedengunean; ondoren, Gari&Maldaberaren kontzertua izango da gune nagusian, eta gaua Silvia Perez Cruzen zuzenekoarekin amaituko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna