Bada Garaia ekimenak konponbidea eskatu die Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari, “jai herrikoiak denontzat” direla aldarrikatuz.
450 artistak eta kulturgilek baino gehiagok babestu dute Bada Garaia ekimena, Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistako eragileei ezartzen zaien debekua amaitzeko eskatzeko. Ekimenak konponbidearen alde egin duten kulturgileen zerrenda argitaratu du, eta bertan dira, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Uxue Alberdi, Evaristo, Joseba Sarrionandia, Toti Martinez de Lezea, Itziar Ituño eta Fermin Muguruza.
Duela bi aste aurkeztu zuten Bilbon Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde ekimena. Orduan azaldu zutenez, hainbat artistak bat egitea erabaki zuten, “jaien parte” direlako eta kezkez bizi dutelako Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean hainbat eragileri ezartzen zaien debekua.
Ekimenarekin batera, kantua eta bideoklipa ere aurkeztu zituzten. Kilikik, Miruak, Maixak eta Malakiasek sortu dute kantua, eta bideoklipean dozenaka artistak hartu dute parte; tartean, Anje Duhalde, Josu Zabala, Bernardo Atxaga, Neomak, Maruxak, Gari eta Roberto Moso.
Gainera, azken asteetan sare sozialetan zabaldutako bideoetan Bilboko eta Gasteizko txosnen sorreran parte hartu zuten kideak eta gaur egungo partaideak elkarrizketatu dituzte, “jaien izaera herritar eta pluralaren ikuspegitik egoera honek zentzurik ez duela ikusarazteko”.
Bart gauean jaialdia egin zuten Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan aritu ziren ekimenaren kantua sortu duten artistak. Sarrera guztiak agortuta, aretoa bete egin zen. Azken kontzertuaren aurretik hartu zuten hitza Javier Jorajuria J Martinako musikariak eta Maixak. “Jai herrikoiak behar ditugulako, artistontzako eta herritar guztiontzako ezinbesteko espazioak direlako, eta bertan denok egon behar dugulako”, adierazi zuten.
Era berean, Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari konponbiderako deia luzatu zitzaien: “Kanpoan dauden eragileekin eseri eta egoera honi amaiera emateko” eskatu zuten. Ekimeneko ordezkariek gogorarazi zuten duela bi urte 150 kulturgilek babestu zutela aldarria, eta aurten 450etik gora batu direla. “Hain da zentzugabea egoera, aurten 450tik gora batu garela. 450 kulturgile baino gehiago batu gara ozen esateko jaiak denontzat direla”, azaldu zuten.
Babesa eman dutenen artean daude duela bi urte atxikimendua adierazi zuten hainbat izen ezagun —Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia eta Josu Zabala, besteak beste— eta baita aurten batu diren beste hainbat ere, hala nola Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Evaristo, Uxue Alberdi, Fermin Valencia, Amets Arzallus, Toti Martinez de Lezea eta Miren Agur Meabe.
.