Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekimenaren helburua euskararen erabilera eta transmisioa indartzea da, ikastoletatik harago ere bai.
Araba Euskaraz jaiaren aurkezpena egin dute Amurrion, eta antolatzaileek argi utzi dute ekimenaren helburua euskararen erabilera eta transmisioa indartzea dela, ikastoletatik harago ere bai. Taupadak berpiztu lelopean, ekainaren 14ko jaia euskararen aldeko topagune eta aldarrikapen gune izango dela azpimarratu dute, auzolana, komunitatea eta euskal kulturaren sustapena ardatz hartuta.
Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “Araba Euskaraz ez da lurralde bateko jai hutsa, ikastolek euskararen biziberritzean eta transmisioan egiten duten lanaren erakusleiho nagusietako bat baizik”. Nabarmendu duenez, ikastolen sorreratik euskararen euskalduntze prozesuan jauzi handia eman da, baina erabileraren atzeraldiaren eta euskararen aurkako oldarraldien aurrean erantzun bateratua behar dela. “Euskaraz biziko den gizarte bat nahi dugu”, adierazi du.
Mendizabalek erakunde publikoen eta herrigintzaren arteko elkarlana ere aldarrikatu du, Araba Euskaraz jai giroko topagunea ez ezik, hizkuntza eskubideak exijitzeko espazioa ere badela azpimarratuz.
Bestalde, Josu Barrenengoa Aresketa Ikastolako lehendakariak Taupadak berpiztu leloaren atzean dagoen mezua azaldu du. “Gure nahia euskararen taupadak indartzea eta euskara herritar guztiengana iristea da; ez soilik ikastolan, baizik eta kalean, plazan eta eguneroko bizitzan”, adierazi du. Era berean, azken hilabeteetan Araba osoko ikastolen, herriko eragileen eta boluntarioen laguntza eskertu du.
Ekainaren 14ko egitarauaren berri ere eman dute. Aurreko egunetan Kantuz ekimena, Gazte Eguna, mendi bizikleta saria eta pilota finalak egingo dituzte. Igandean, berriz, 10:00etan hasiko da egun nagusia Aresketa Ikastolan, eta Amurrio osoan zehar banatutako hiru gunetan adin guztietarako ekintzak izango dira: kontzertuak, dantza topaketak, herri kirolak, haurrentzako jarduerak eta tailerrak, besteak beste.
Antolakuntzak bereziki azpimarratu ditu jaiaren zeharkako balioak ere: ingurumenarekiko konpromisoa, beiraren eta alkoholdun edarien debekua zirkuituan eta jaiak aske eta erasorik gabe gozatzeko aldarria. Araba Euskarazek Euskal Herri osoko herritarrak gonbidatu ditu Amurrio euskararen eta euskal kulturaren topagune handi bihurtzera.