Zortzi antzezlan izango dira ikusgai hilaren 21era bitartean, Bizkaiko hainbat antzerki talderen eskutik. Komunitate antzerkia, egile ezagunen testuak eta jatorrizko proposamenak uztartuko ditu aurtengo egitarauak.
Pabellon 6 aretoak Antzerki Amateurraren Jaialdiaren laugarren edizioarekin amaituko du 2025-26 denboraldia. Ekainaren 11tik 21era izango da jaialdia eta Bizkaiko antzerki talde amateurrak bilduko ditu beste behin ere. Guztira zortzi pieza taularatuko dira.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, “aurtengo egitarauak askotariko proposamenak eskainiko ditu: Bilboko auzoetan sortutako antzerki komunitarioko taldeak, Juan Mayorga, Pablo Remon edo Dario Fo bezalako egileen testuen moldaketak eta antzerki eskoletatik sortutako jatorrizko lanak izango dira ikusgai.
Ausartak taldeak emango dio hasiera jaialdiari ekainaren 11n, ¡Aquí no paga nadie! antzezlanarekin. Hurrengo egunean, ekainak 12, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak (In)Conscientes lana eskainiko du. Ekainaren 13an Pasmi Teatrok Amor a la carta taularatuko du, eta lehen asteburua ixteko, Itxartu Antzerki taldeak La boda de la hija del presidente antzeztuko du ekainaren 14an.
Bigarren astean, ekainaren 19tik 21era, beste lau proposamen oholtzaratuko dira. Bizitegik eta Zenbatu Antzerki Taldeak Yo no soy esa aurkeztuko dute ostiralean, eta egun berean Auzo Arimak Hezitu obra eskainiko du. Larunbatean, Kai Erreak taldearen 40 años de paz ikusi ahal izango da, eta jaialdiari amaiera emateko, Tunka Taldeko emakumeek La aldea durmiente antzeztuko dute.
Emanaldiak 19:30ean izango dira ostegun, ostiral eta larunbatetan; igandeetan, berriz, 19:00etan hasiko dira. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Pabellon 6ren webgunean.