2023ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen ilustratzailearen modalitatean Ni ez naiz Mikel Laboa komikiarekin, eta azken urteetan Jazzaldia, Itzulia eta Donostiako Danborradako kartelak ere sortu ditu, besteak beste.
Ekainaren 10etik irailaren 6ra bitartean, Joseba Larratxe “Josevisky” ilustratzaile eta komikigile irundarraren erakusketa izango da ikusgai Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. 2012an abiatu zenetik euskal ilustratzaile klasiko eta garaikideen lanak hartu dituen guneak Joseviskyren ibilbidea eta sormen unibertsoa gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du oraingoan.
Joseba Larratxe (Irun, 1985), Josevisky goitizenez ezaguna arkitektura ikasketak egindakoa da Donostian, baina hasieratik komikigintza izan du bere jardunaren ardatz nagusi. 2006az geroztik hainbat hedabidetan argitaratu ditu komikiak eta ilustrazioak, besteak beste, Berria, Xabiroi, Gaztezulo, Argia, H28 eta Nabarra aldizkarietan.
Haur eta gazte literaturaren esparruan ere lan ugari egin ditu ilustratzaile moduan. Bere marrazkiekin argitaratu dira, besteak beste, Argixorgin eta Eireren egunerokoa (Esti Vivancoren testuekin), baita Jasone Osororen Eskularru beltzak saila ere. 2023az geroztik, gainera, Izaro Arroitaren Lina Plastilina sailaren marrazkiez arduratzen da.
Komikigintzan hainbat egilerekin elkarlanean aritu da urteotan. Horren emaitza dira, besteak beste, Katu hegoduna, Yurre Ugarterekin; Eneko Aritza, lehen errege baskoia, Angel Rekalderen gidoiarekin; Joana Maiz eleberri grafikoa, Yurre Ugarte gidoilariarekin; edota Basolatik berri onik ez, Asisko Urmenetarekin sortua. 2022an, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagarekin batera sortu zuen Ni ez naiz Mikel Laboa komikia, eta lan horrekin 2023ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Ilustrazioaren modalitatean.
Sorkuntzaz gain, komikigintzaren zabalkundean ere aritu da Josevisky. Euskal Herriko hainbat ikastetxetan tailerrak eta hitzaldiak eman ditu, eta erakusketak egin ditu, besteak beste, Donostian, Irunen, Gasteizen, Getarian, Beran edo Bartzelonan.
Azken urteetan kartelgintzan egindako lanek ere oihartzun handia izan dute: 2020ko Donostiako Jazzaldiaren kartela sortu zuen, baita Itzuliaren 2024ko irudia eta 2025eko Donostiako Danborrada eta Estropadetako kartelak ere.
Aieteko Ilustratzailearen Txokoak urteotan ilustratzaile belaunaldi eta estilo askotako sortzaileak hartu ditu; tartean, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Leire Urbeltz, Dani Fano, Andrea Escargot, Mai Egurza, Nerea Urrestarazu edo Exprai. Oraingoan, Joseviskyren txanda izango da.
Erakusketaren ordutegia:
- Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30 (ekainaren 23tik aurrera 10:00-14:00)
- Larunbatetan: 10:00-14:00 eta 16:30-20:00 (abuztuaren 8an goizez bakarrik)
- Igandeetan: 10:00-14:00
- Astelehen eta jaiegunetan itxita.