Oñati eta Tolosako artxibo historikoek ateak irekiko dituzte Artxiboen Nazioarteko Astearen harira

Ekainaren 11n eta 12an egingo diren bisita gidatuei esker, herritarrek normalean itxita egoten diren espazioak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola dokumentu biltegiak, lan gelak eta zaharberritze laborategiak.

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak (Oñati) eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrak (Tolosa) ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte Artxiboen Nazioarteko Astearen barruan. Ekainaren 11n eta 12an egingo diren bisita gidatuak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da.

Aurtengo Artxiboen Nazioarteko Astea ekainaren 8tik 12ra ospatuko da, Artxiboak justiziarako: eskubideak, memoria eta etorkizuna lelopean. Egitasmoaren bidez, artxiboek memoria kolektiboa zaintzeko, eskubideak defendatzeko eta gizarte demokratikoak sendotzeko duten garrantzia nabarmendu nahi da.

Bisitetan artxiboen eguneroko lana gertutik ezagutzeko aukera izango da, baita publikoarentzat normalean eskuragarri ez dauden espazioetan sartzekoa ere. Horrez gain, XV. mendetik XX.era arteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dituzte, eta Oñatiko artxiboan justiziarekin eta eskubide urraketekin lotutako materialei arreta berezia eskainiko diete.

Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan bi bisita egingo dira egunero: 11:00etan eta 17:00etan. Taldeak euskaraz eta gaztelaniaz banatuko dituzte, gehienez 15 laguneko taldeetan, eta bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute gutxi gorabehera. Parte hartzeko, 943 41 50 60 telefonora deitu, ahpg-gpah@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo izena emateko formularioa bete beharko da.

Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, berriz, sei bisita gidatu egingo dituzte. Ekainaren 11n lau saio izango dira: 12:00etan eta 17:30ean euskaraz, eta 10:00etan eta 16:00etan gaztelaniaz. Ekainaren 12an, bi bisita egingo dituzte goizez: 10:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Kasu honetan ere, taldeak 5 eta 15 lagun artekoak izango dira, eta aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da 943 41 52 62 telefonora deituta, agg-gao@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo izena emateko formularioaren bidez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna