Artista donostiarraren 2025eko lana ekainaren 5etik azaroaren 1era arte egongo da ikusgai museoaren arte bilduma historikoaren aretoan.
San Telmo Museoak Esther Ferrerren Zenbaki lehenen poema #40 lana aurkeztuko du Nabarmendutako obra programaren baitan. Mihise gainean hariz eta errotulagailuz egindako diptikoa 2026ko ekainaren 5etik azaroaren 1era arte izango da ikusgai, eta museoak berriki eskuratutako lanetako bat da.
Obra hau Ferrerrek 70eko hamarkadaren amaieran abiatu zuen zenbaki lehenen serie ezagunaren parte da. Michel Mejuto arte historialariaren arabera, artistak zenbaki lehenak “betierekoaren eta barne hartu ezin daitekeenaren metafora” gisa erabiltzen ditu, espiral eta bestelako egitura geometrikoetan antolatuz.
Esther Ferrer (Donostia, 1937) praktika artistiko esperimentalen erreferente nagusietakoa da. 60ko hamarkadatik aurrera jardun du bakarka zein ZAJ taldearekin, eta bere lana marrazki, argazki, instalazio eta batez ere performancearen esparruetan garatu du, gorputza adierazpenerako ardatz bihurtuta.
Bere ibilbidean sari ugari jaso ditu, besteak beste Trace-John Boehme Performance Art -Lifetime Achievement Award, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala, Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, MAV saria, Marie Claire pour l ‘Art Contemporaine saria eta Velazquez saria.
San Telmo Museoak 2023an sortu zuen Nabarmendutako obra programa, bildumako pieza bereziak aldi baterako lehen planora ekartzeko asmoz. Ordutik, Maria Paz Jimenez, Joan Miro edota Federico de Madrazoren lanak ere izan dira atal honetan ikusgai.