Leioako rock taldeak zazpi kantu berri bildu ditu bere laugarren disko luzean, metalaren indarra eta soinu berriak uztartuz.
30. urteurrenaren harira, Basaki taldeak laugarren diskoa eman du argitara Bizimina izenpean. 1996ko ekainean Leioan sortutako hirukoteak zazpi abesti bildu ditu diskoan, formatu digitalean zein CDan eskuragarri dagoena.
Taldearen hitzetan, “Su txikian egindako erritmo, doinu eta hitzak biltzen ditu disko berriak, urteetako eskarmentutik eta konpromiso artistikotik eraikiak”. Metalaren sendotasuna mantentzen duen arren, Biziminak bestelako doinu eta atmosfera berriak ere lantzen ditu, erritmo irmoak, baxu sakonak eta gitarra dotoreak uztartuta.
Diskoko lehen singlea Mia da. Abestiak galduta egotearen sentsazioa jorratzen du, paisaia lauso batean norabidea aurkitzeko ezintasunaren inguruan. Bideoklipa Endika Martinezek grabatu eta editatu du Sherpa Produkzioaken bidez.
Lana Chromaticity estudioan grabatu dute taldeko hiru kideek elkarlanean: Iker Herrero Fernandezek gitarra eta ahotsa jartzen ditu; Alfonso Rodriguez Pesquerak bateria eta ahotsak; eta Natxo Velez Gordobilek baxua eta ahotsak.
Diskoko hitzek Rafael Chirbes, Pedro Lemebel eta Jean Louis Davanten testuetatik edaten dute, eta bizinahiari kantatzen diote, itxaropen errazetik baino gehiago kontzientziatik eta indar partekatutik abiatuta.
Basakik dagoeneko iragarri ditu Bizimina zuzenean aurkezteko lehen kontzertuak: ekainaren 22an Leioan, uztailaren 15ean Santurtzin, abuztuaren 25ean Bilbon eta urriaren 24an Portugaleten.