(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskaltzaleon Martxak azken deia egin du Iruñea euskaltzalez betetzeko

Ekainaren 13an egingo den mobilizazioak hiru zutabe izango ditu, eta bakoitzak euskararen aldeko aldarri nagusi bat irudikatuko du. Eguna kultur eta jai egitarau zabalarekin osatuko dute Iruñeko kaleetan.

Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon Martxaren azken xehetasunak aurkeztu ditu, larunbat honetan, ekainak 13, Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko deia eginez. Martxak hiru zutabe izango ditu eta bakoitzaren pankarta euskal irudigile ezagun batek sortu du.

Lehen pankartak euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatuko du, eta Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak egin du. Bigarrenak hizkuntza politiketan jauzi bat emateko beharra azpimarratuko du, Asisko Urmenetaren Zazpi jauzi izeneko diseinuarekin. Hirugarren pankartak, berriz, euskaltzaleon ekintza kolektiboari esker, euskarari etorkizun oparo bat emateko ilusioa eta etengabeko lana irudikatuko ditu, Malen Amenabar ilustratzailearen eskutik.

17:00etan abiatuko dira hiru zutabeak: Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik. Zutabe bakoitzaren hasieran gizarte eragileek Pregoiak irakurri eta txupinazoak botako dituzte.

Runako Parkean Azterketak Euskaraz mugimenduko kideek hartuko dute hitza, Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde abiatu duten mobilizazio eta desobedientzia dinamikagatik.

Antoniuttin Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideek egingo dute pregoia, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri baten alde egindako lanagatik.

Askatasun Enparantzan, berriz, euskarazko eduki sortzaileek emango diote hasiera zutabeari, plataforma digitaletan euskarazko ikus-entzunezkoen bidez sortzen dituzten arnasguneak aitortuz.

Kontseiluak parte hartzaileentzat irizpide batzuk ere zehaztu ditu zutabeak modu orekatuan osatzeko: dagoeneko Iruñean dauden herritarrak Runako Parkera joatea gomendatu dute; autoz iritsiko direnak Antoniuttira; eta autobusez etorriko direnak Askatasun Enparantzara.

Zutabeak Gazteluko Plazan elkartuko dira arratsaldean egingo den ekitaldi nagusian. Antolatzaileek azaldu dutenez, mobilizazioak aldarrikapena eta harrotasuna uztartu nahi ditu: euskarak bizirik iraun izanaren ospakizuna eta, aldi berean, euskaraz bizitzeko baldintza errealak eskatzeko unea.

Arratsaldeko mobilizazioaz gain, goizean ere hainbat jarduera izango dira Iruñean barrena. Santa Ana plazan umeentzako gunea jarriko dute Porrotx eta Zapotxin pailazoekin eta Dindaiakale jolasekin; Alde Zaharrean kantujira egingo dute; Laban bermut-pintxada antolatu dute; eta Gazte Euskaltzaleon Martxako kideei ongietorria egingo zaie Karmen kalean. Eguna amaitzeko, kalejira handi bat egingo dute Iruñeko Alde Zaharrean zehar.

Mobilizaziorako Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetatik autobusak antolatu dituzte, Bilbo eta Donostiatik barne. Autobusen informazioa eta izen-emate xehetasunak pizkundea.eus webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna