Museo Bikoitza programaren baitan garatu dituzte bi artistek euren proposamenak. Aurreko edizioko parte-hartzaile Maddi Barberrek hautatu zituen Tractora kooperatibako bi sortzaileak.
Donostiako San Telmo Museoak Museo Bikoitza programaren zazpigarren edizioko lanak aurkeztu ditu. Tractora kooperatibako kide diren Usue Arrietak (Arrasate, 1979) eta Ainara Elgoibarrek (Mungia, 1975) sortutako Baltzune eta P-003687 obrak ekainaren 11tik aurrera izango dira ikusgai, urtebetez, museoko dorreoian eta elizan, hurrenez hurren.
Asier Mendizabal artistak abiatutako Museo Bikoitza programaren baitan garatu dituzte bi artistek euren proposamenak. Aurreko edizioko parte-hartzaile Maddi Barberrek hautatu zituen Tractora kooperatibako bi sortzaileak, eta urtebeteko lan-prozesuan San Telmo Museoko agiritegia, bildumak eta erakundearen historia aztertu dituzte. Ikerketa horretatik abiatu dira bakoitzaren lanak.
Museoaren ahotsak eta hitzak
Arrietaren Baltzune instalazioak museoko historiako bi une hartu ditu abiapuntu: Jose Miguel Barandiaranek 1960an museo etnografikorako proposatutako proiektua, non soinuak txertatu nahi zituen erakusketan, eta Pedro Soralucek 1917an antropologia hitzaren euskarazko ordain bat bilatzeko egindako saiakera.
Bi ardatz horiek uztartuta, dorreoian kokatutako soinu-instalazio batek hainbat hitz, esaldi eta ahots entzuteko aukera emango du magnetofono baten bidez. Horien artean daude garai hartan antropologia euskaraz izendatzeko proposatutako termino batzuk ere.
Arrakala baten aztarna brontzean
Elgoibarren P-003687 lanak, berriz, museoko elizan dagoen XVI. mendeko zenotafio batean jarri du arreta. Artistaren interesa Gracia de Olazabalen eta Alonso de Idiaquezen irudiak banatzen dituen pitzaduran dago; museoaren, bildumaren eta eraikinaren historiak gurutzatzen diren arrakala gisa interpretatu du elementu hori.
Pitzadura horren molde positibatua sortu du brontze urtuan, eta pieza berria elizan bertan egongo da ikusgai. Lanak museoko bildumako beste erreferentzia batzuk ere hartzen ditu kontuan, tartean Leon Barrenechearen Idi-proba eskulturaren bi kopiak.
Bi lanekin batera, artistek euren sormen-prozesua ulertzen laguntzeko eskuorriak ere prestatu dituzte, irudiak eta testuak uztartuz.