'Jon eta Ane itsasertzean' film laburra

Larrotxene Bideok ikasturte honetako filmak aurkeztuko ditu ekainaren 19an, Donostiako Antzoki Zaharrean

Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzorduan. Gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan jaso ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.

Larrotxene Bideok ikasturte amaierako hitzordu nagusia ospatuko du ekainaren 19an Donostiako Antzoki Zaharrean. Bideoaldiaren 38. edizioak zazpi ikus-entzunezko bilduko ditu, 2025-2026 ikasturtean ikasleek eta irakasleek egindako lanaren erakusgarri.

Aurten, Larrotxene Bideok 85 ikasle izan ditu eta bederatzi ikastaro eskaini ditu. Ikasturtean zehar sortutako lanek osatuko dute programazioa, ikasleen parte-hartzea izan duten hainbat koprodukziorekin batera.

Lehen multzoan bost lan aurkeztuko dituzte. Horien artean dago Jon eta Ane itsasertzean fikziozko film laburra, surfak elkartutako bikote baten harremana ardatz duena; Animando lo que nos rodea, animazio ikastarotik sortutako pieza esperimentala; eta Gautena: Nadar sin agua dokumentala, Gautenako kideek prestatutako antzezlan baten sormen-prozesua jarraitzen duena.

Horiez gain, Pepa animaziozko dokumentala ere proiektatuko dute. Larrotxeneko laborategiko erabiltzaileek hiru urtez landutako lanak Pepa Lacosteren Gerra Zibileko bizipenak jasotzen ditu, eta 94 urteko irundarra estreinaldian bertan izango da. Bailarinas rojas thriller kutsuko film laburrak osatuko du programazioa, Javi Montesek Michel Gaztambideren gidoigintza ikastaroan sortutako lana da.

Bideoaldiak bi koprodukzio ere hartuko ditu aurten. Norabidea filmak heldutasunerako bidean hartu beharreko erabakiak eta adiskidetasuna jorratzen ditu, eta Eguneroko legez lanak lau emakumeren autobus-bidaia baliatzen du lan-prekarietatea, zaintza, bakardadea edota genero-desoreka bezalako gaiak aztertzeko.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Bideoaldiak ikasleak, irakasleak, lagunak eta ikus-entzunezkoen zaleak bilduko ditu beste behin ere. Gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.

Larrotxene Bideok 38 urte bete ditu aurten. Denbora horretan 600 ekoizpen baino gehiago sortu ditu eta ehunka koprodukziotan parte hartu du. Azken urteotan Gipuzkoako ikus-entzunezkoen sektoreko sortzaile askoren harrobi bihurtu da. Horren adibide da Eneko Muruazabalen Oihua filmaren ibilbide arrakastatsua, hainbat sari eskuratu baititu.

Ikasturteari amaiera emateko, ekainaren 26an Hitz eta Pitch saioa egingo dute Intxaurrondo Kultur Etxean. Bertan, Larrotxene Bideoko ikasle, irakasle eta lagunek etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte, lankidetza berrien bila.

Zabaldu:

Utzi erantzuna