Irakasmunduari lotutako lexikoa izan da azken sei hilabeteetako lanaren ardatz nagusietako bat Euskaltzaindiaren Hiztegian. Azken eguneratzearekin, 603 forma berri, 1.057 adiera berri eta 3.630 adibide berri gehitu dira sareko hiztegira.
Euskaltzaindiak sei hilean behingo eguneratzea egin du bere hiztegian, eta, besteak beste, 603 forma berri gehitu ditu. Horrez gain, 2.359 forma berrikusi dira, 1.057 adiera berri txertatu eta 3.630 adibide berri gehitu dira. Egun, hiztegiak 53.142 forma, 72.035 adiera eta 122.209 adibide biltzen ditu.
Azken hilabeteetako lanak bereziki irakasmunduari lotutako lexikoa osatzera bideratu dira. Hiztegiaren lantaldeak DBHko testuliburuetan oinarritutako saila amaitu du, euskara eta literatura, fisika eta kimika, matematika eta teknologiako terminologia landuta. Era berean, lanbide-heziketako lexikoa ere osatu dute.
Eguneratze honetan gehitu diren hitzen artean daude, besteak beste, hendekasilabo, kultismo, berotze global, grabitazio-indar, planoerdi, trinomio, autobus elektriko, ohmmetro, elektrobalbula, errematxagailu, kode etiko, euskañol, bixi-bixi eta aztarna digital.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azaldu duenez, irakasmunduari lotutako atala osatzea garrantzitsua izan da, baina hitzak jasotzeaz harago, definizioak eta erabilera-adibideak eskaintzea ere ezinbestekoa da hiztegia ikasleentzat baliagarria izan dadin. Horren erakusgarri dira azken eguneratzean txertatutako milaka adibide berriak.
Forma berriak gehitzeaz gain, lehendik jasotako edukia berrikusten jarraitzen du Hiztegiaren lantaldeak. Hala, zenbait sarrera kendu egin dira, erabilera-markak eguneratu dira eta hainbat adiera osatu edo egokitu dira. Era berean, azken urteetako lan-ildo nagusietako bat da adibide zaharrak egungo errealitatera egokitzea eta adibiderik gabeko adierak osatzea.
Azken eguneratzean, gainera, berriki onartutako 203. arauaren —Zenbakizko adierazpenak— irizpideak ere txertatu dira hiztegiko definizio eta adibideetan.