Euskaltzain oso izendatu ostean, Arraratsek larunbat honetan irakurriko du sarrera-hitzaldia Hernanin. Kazetaritzaren hizkera, hizkuntza-normalizazioa eta propagandaren mekanismoak izango ditu aztergai.
Irene Arrarats hizkuntzalari eta kazetari hernaniarrak larunbat honetan, ekainaren 20an, egingo du Euskaltzaindian sartzeko sarrera-hitzaldia. Ekitaldia 11:30ean izango da Hernaniko Udalaren osoko bilkuren aretoan, eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Gipuzkoako ordezkariak emango dio erantzuna.
Hitzak haizean, hitzak erauntsietan izenburua izango duen hitzaldian, bi gai nagusi landuko ditu Arraratsek. Lehen zatian, kazetaritzako hizkeraren inguruan jardungo du, komunikabideek hizkuntzaren bilakaeran eta normalizazioan duten eragina aztertuz. Horrez gain, eguneroko prentsaren eta estilo-liburuen eginkizuna nabarmenduko du, baita Euskaltzaindiaren eta komunikabideen arteko elkarlanaren garrantzia ere.
Bigarren zatian, berriz, hizkuntzaren manipulazio ideologikoa eta propaganda izango ditu hizpide.
Ekitaldia Joxan Goikoetxeak interpretatuko duen Haize hegoa piezarekin hasiko da. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei. Hitzaldia amaituta, Arraratsek karguaren zina egingo du eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu.
Kazetaritza eta euskalgintza
1967an Hernanin jaioa, Geografia eta Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Euskaldunon Egunkarian hasi zuen bere ibilbide profesionala 1991n, zuzentzaile eta itzultzaile gisa, eta gerora euskara-arduradun izan zen. Egunkariaren estilo-liburuaren egileetako bat ere bada.
2003tik Berriako euskara-arduraduna da, eta egunkariaren estilo-liburuaren zuzendaria. Bere jardunaren ardatza komunikaziorako euskarazko eredu egokiak lantzea eta eguneroko prentsan aplikatzea izan da.
Kazetaritzaz gain, hizkuntza, itzulpengintza eta komunikazioari buruzko hitzaldi eta ikastaro ugari eman ditu, eta feminismoarekin lotutako hainbat lan euskaratu ditu, besteak beste Simone de Beauvoirren Bigarren sexua eta Marjane Satrapiren Persepolis.
2007tik Euskaltzaindiaren hainbat batzorde eta lantaldetan parte hartzen du. Akademiak 2025eko azaroan izendatu zuen euskaltzain oso, eta larunbateko ekitaldiarekin osatuko du izendapen prozesua.