Bitsa konpainiaren 'Haritik tiraka'

Nazioarteko kale artearen erakusleiho izango da berriz ere Lekeitio Kaleka jaialdiarekin

Uztailaren 3tik 5era egingo da Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiaren edizio berria. Hamar ikuskizuneko programa dakar aurten, nazioarteko eta tokiko konpainien parte-hartzearekin, eta kalea sorkuntzarako, esperimentaziorako eta herritarren parte-hartzerako gune bihurtzea izango du helburu.

Kaleka, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia, uztailaren 3tik 5era itzuliko da herriko kale eta plazetara. Aurtengo edizioak lau ardatz nagusi izango ditu: Kaleka Programa Ofiziala, Kaleka Scratch, Kaleka z Blai eta Kalekari, guztiak ere kale arteak espazio publikora hurbiltzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz antolatuta.

Antzerkia, zirkoa, dantza garaikidea, instalazio artistikoak, tailerrak eta sormen prozesuen erakustaldiak izango dira ikusgai, herriko gune ezagun zein ez hain ezagunetan.

Hala, aurtengo programak hamar ikuskizun bilduko ditu. Parte hartuko duten konpainiak eta artistak deialdi ireki baten bidez hautatu dituzte, eta guztira 177 proposamen inguru jaso dituzte. Egitarauan izango dira Kanada, Brasil, Italia, Estatu frantsesa, Estatu espainiarra eta Euskal Herriko sortzaileak, besteak beste: Berceurs du temps, Circ Vermut, Mumusic Circus, Desprovistos, Haatik, Bitsa Konpania, Bruboc, Quase Cia, Compagnie Bivouac eta Moveo.

Programa Ofizialak kalea sorkuntza artistikorako espazio gisa erabiltzen duten ikuskizunak bilduko ditu. Bestalde, Kaleka Scratch atalak garapen fasean dauden lanak aurkeztuko ditu, eta artistek zein ikusleek elkarrekin hausnartzeko eta iritziak trukatzeko guneak ere eskainiko ditu.

Kaleka z Blai programa

Gainera, urte osoan zehar herrian garatzen diren prozesu artistikoek izango dute lekua Kaleka z Blai programan. Aurten, besteak beste, Berceurs du temps konpainiarekin elkarlanean egingo den Artxibo Soinuduna proiektua garatuko da, herritarren ahotsak eta grabazioak bilduz. Horrez gain, Eneritz Artetxeren antzerki fisikoko ikastaroak emandakoak eta haur eta gazteekin egindako Espazioa eta Argia / Objektu Argidunak egitasmoa ere aurkeztuko dira.

Kalekari atalak, berriz, publikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harremana indartzea izango du helburu. Horren adibide izango da Moveo konpainiaren Ballar Sol És Un Pal ikuskizun parte-hartzailea, ikusleak sormen prozesuaren parte aktibo bihurtuko dituena.

Edizio berri honekin, Kalekak berriro aldarrikatu nahi du kalea kultur topagune eta esperimentazio artistikorako espazio gisa. Uztailaren lehen asteburuan, Lekeitio kale artearen, sorkuntza garaikidearen eta kultur elkarrizketaren erdigune bihurtuko da beste behin.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna