Kalerki jaialdiak 12 ikuskizun eramango ditu Zarauzko kaleetara uztailaren 2tik 4ra

Antzerkia, dantza, zirkua eta kale arteak izango dira protagonista Kalerki jaialdiaren 33. edizioan. Euskal Herriko zein nazioarteko konpainien hamabi proposamenek hartuko dituzte Zarauzko hainbat espazio, estreinaldi batekin eta azken hilabeteetan saritutako lanekin.

Kalerki kale arteen jaialdiaren 33. edizioa uztailaren 2tik 4ra egingo da Zarautzen. Hiru egunez, herriko kale eta plazak antzerki, dantza, zirku eta diziplina anitzeko ikuskizunen agertoki bihurtuko dira, guztira hamabi proposameneko egitarauarekin.

Aurtengo programazioan Euskal Herriko konpainiek presentzia nabarmena izango dute, baina Italia eta Estatu espainoletik etorritako taldeek ere parte hartuko dute.

Euskal konpainien artean, uztailaren 4an estreinatuko den Kodizia Late Night lana nabarmendu dute antolatzaileek. Barsanti konpainiaren komediak historian zeharreko bidaia proposatuko du, gaur egungo hainbat gai umorearen bidez jorratuz.

Bestalde, Bitsa konpainiak Haritik tiraka aurkeztuko du. Karrikan plataformaren 2025eko sorkuntza laguntza jaso duen lanak Leioako Umore Azokan Euskarazko Ikuskizun Onenaren saria eskuratu berri du, eta kale antzerkia, narrazioa, objektuen erabilera eta biolontxeloaren zuzeneko musika uztartzen ditu.

Dantzak ere leku esanguratsua izango du egitarauan. Ertza konpainiak Otempodiz pieza eskainiko du, Mozambike eta Euskal Herriaren arteko elkarlan artistikotik sortua; Haatik dantza konpainiak, berriz, Ioi ikuskizunaren bidez kalearen erabilera soinuaren bitartez aldarrikatuko du. Asvin & Piaren Aske proposamenak, aldiz, zirkua, zuzeneko musika eta globo ekaitza uztartuko ditu.

Nazioarteko konpainien artean izango dira Italiako Cie. Bruboc, Woow! clown ibiltariarekin, eta Burgosko Tiritirantes, Karrusel ibiltaria ikuskizunarekin. Horiez gain, Jean Philippe Kikolas, Txema Muñoz, Cia. Nueveuno, La Buffa eta Truca Circus konpainiek osatuko dute aurtengo kartela.

Obrek eta espazio berriak probatzeko asmoak eraginda, aurten jaialdiak gune berrietara egingo du jauzia. Santa Klara eta Amalur parkea izango dira emanaldi askoren kokaleku nagusiak, baina Miren Etxabe plaza, Zelai-Ondoko pistak eta Malekoia ere jaialdiaren agertoki bihurtuko dira. Antolatzaileen arabera, helburua kale arteak herri osora zabaltzea eta espazio publiko berriak kultur jarduerarako aktibatzea da.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna