(argazkia: Euskadiko Filmategia)

‘Ander eta Yul’ film zaharberritua Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera egongo da

Ana Diezek 1988an zuzendutako filma 4K formatuan proiektatuko dute Zinemaldiko Klasikoak sailean. Zaharberritze lana Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egin dute, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren ekimenez.

Euskadiko Filmategiak eta EITBk Ander eta Yul filmaren zaharberritze integrala aurkeztu dute. Euskal zinemagintzako lan nabarmenetako bat dena 4K formatuan ikusi ahal izango da irailean Donostiako Zinemaldiko Klasikoak sailean, duela 38 urte estreinatu zen jaialdi berean.

Zaharberritze prozesua Italiako Boloniako Cinetecaren L’Immagine Ritrovata laborategietan egin da. Filmoteca Españolan gordetzen zen jatorrizko negatiboa 2025eko irailean eraman zuten Boloniara, eta bertan eskuz konpondu, ultrasoinuen bidez garbitu eta digitalki zaharberritu dute. Lanen artean irudiaren egonkortzea, marrak eta zikinkeria kentzea, kolore zuzenketa eta soinuaren zaharberritzea egin dira. Prozesu osoan Ana Diezek berak eta Gonzalo Fernandez Berridi argazki-zuzendariak parte hartu dute gainbegiratze lanetan.

Donostiako Zinemaldiaz gain, zaharberritutako kopia Budapest Classics Film Marathon jaialdian eta Berlingo Film Restored – The Film Heritage Festival jaialdian ere aurkeztuko dute. Bi hitzorduetan zuzendaria izango da filma aurkezten.

Bestalde, Euskadiko Filmategiak Ana Diez sarituko du aurtengo Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, bere ibilbide profesionala aitortzeko. Sari horren bidez euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omendu izan ditu erakundeak azken urteotan.

Ander eta Yul filmak Ander gaztearen istorioa kontatzen du. Droga-trafikoarekin lotutako delitu batengatik kartzelan urteak eman ondoren, etxera itzultzen da, baina dena aldatu dela ikusiko du. Berriz egingo du topo Yulekin ere, seminarioko lagun ohiarekin, orain ETAko kide denarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna