Irene Arraratsek kazetaritzaren hizkera, propaganda eta adimen artifizialaren erronkak jarri ditu erdigunean

Euskaltzaindiako euskaltzain oso gisa sarrera-hitzaldia irakurri du Irene Arraratsek Hernanin, eta hizkuntzaren erabilerari buruzko gogoeta sakona egin du. Kazetaritzako hizkeraren garrantzia, hizkuntzaren manipulazio ideologikoa eta adimen artifizialak euskarari ekar diezazkiokeen erronkak izan dira haren mintzaldiaren ardatz nagusiak.

Hernaniko Udalaren osoko bilkuren aretoan egin da ekitaldia, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten bezala. Arraratsek Hitzak haizean, hitzak erauntsietan izenburuko hitzaldia irakurri du, eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Gipuzkoako ordezkariak eman dio erantzuna.

Mintzaldiaren lehen zatian kazetaritzako hizkeraren bilakaera eta euskararen normalizazioan komunikabideek izan duten zeregina aztertu ditu. Euskaldunon Egunkaria eta Berria bezalako hedabideek euskara estandarraren garapenean izan duten ekarpena nabarmendu du, baita estilo-liburuek hizkuntza-irizpideak finkatzeko izan duten garrantzia ere. Arraratsen ustez, Euskaltzaindiaren eta komunikabideen arteko elkarlana funtsezkoa izan da araugintza gizarteratzeko eta euskararen erabilera eguneroko praxira eramateko.

Euskara batuaren defentsa irmoa ere egin du euskaltzain berriak. Haren esanetan, araugintzak eta estandarizazioak aurrera egin ahala, hizkuntzaren erabileran askatasun handiagoz jarduteko aukera sortu da, betiere komunikazioaren zerbitzura eta tradizioari uko egin gabe. Kazetaritzaren egitekoa, haren hitzetan, ez da soilik arauak betetzea, baizik eta hizkuntzaren baliabide guztiak modu egokian erabiltzea.

Hitzaldiaren bigarren zatian hizkuntzaren manipulazio ideologikoaz eta propagandaz aritu da. Diskurtso politiko eta mediatikoetan erabiltzen diren topikoak, lelo sinplifikatzaileak eta errealitatea desitxuratzeko estrategiak aztertu ditu, hizkuntzak pentsamendua baldintzatzeko duen gaitasuna gogoratuz. Horretarako, Victor Klempererren lanak ekarri ditu gogora, eta hizkuntzaren erabilera kritikoaren aldeko aldarria egin du.

Azkenik, adimen artifizialaren eragina izan du hizpide. Arraratsek ohartarazi du AA sortzaileak hizkuntzaren erabileran eta corpusen eraikuntzan eragin zuzena izango duela, eta etorkizunean euskararen bilakaera aztertzeko orduan erronka berriak sortuko direla. Hala ere, teknologiari ikuspegi kritiko baina eraikitzaile batetik begiratzeko deia egin du, hizkuntza bizitzeko eta esperientziak partekatzeko tresna dela gogoratuz.

Ekitaldiaren amaieran, Irene Arraratsek euskaltzain osoaren zina egin eta domina, diploma eta ikurra jaso ditu. Horrela, euskal kazetaritzan, hizkuntzalaritzan eta euskara batuaren garapenean egindako ibilbide luzea aitortu dio ofizialki Euskaltzaindiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna