San Mames euskararen eta euskal kulturaren ospakizun erraldoi bihurtu du Zetakek

Talde nafarrak historia egin du San Mamesen. 80.000 lagunen aurrean eskainitako Mitoaroa III ikuskizunak musika, arte garaikidea eta euskal kulturaren aldarria uztartu ditu, estadioa euskararen eta nortasun kolektiboaren ospakizun erraldoi bihurtuz.

Zetakek mugarri historikoa ezarri du euskal musikaren eta kulturaren esparruan. Pello Reparazek gidatutako proiektuak 80.000 ikusle bildu ditu Bilboko San Mames estadioan, bi egunez jarraian sarrera guztiak agortuta. Antolatzaileen esanetan, inoizko euskarazko ikuskizun handienetako bat izan da, eta agerian utzi du euskaraz sortutako kulturak masa-deialdirako gaitasun handia duela.

Mitoaroa III proiektuaren amaiera gisa aurkeztutako ikuskizunak ia hiru orduko iraupena izan zuen, sei kapitulutan banatutako kontakizun eszeniko baten bidez. Zientzia-fikzioa, musika elektronikoa, tradizioa eta iruditeria garaikidea uztartuz, etorkizun distopiko batean kokatutako istorioa proposatu zuen: euskal memoria, kultura eta nortasuna defendatzen dituen erresistentzia-sare baten kontakizuna.

Ikuskizunaren dimentsio artistiko eta teknikoak ere marka guztiak hautsi zituen. Guztira 1.900 profesional baino gehiago aritu ziren produkzioan, segurtasun, logistika eta teknika lanetan, eta une jakin batzuetan 300 artista baino gehiago igo ziren aldi berean agertokira. Musikariekin batera, Automatak dantza-taldeko kideak, Bilboko Koral Elkartea eta Euskal Herriko nahiz Galiziako landa-inauterietako pertsonaiak batu ziren agertokian.

Kontzertuaren proposamen artistikoak euskal kulturaren hainbat sinbolo ere ekarri zituen lehen planora. Gernikako Arbola naturarekiko eta komunitatearekiko loturaren ikur gisa agertu zen kontakizunean, eta Jose Ramon Anda artistaren Zeharki II eskultura ere izan zen agertokiko elementu nagusietako bat. Horren inguruan, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenaren ahotsek Xiberutikan Mendebaldera abestu zuten, tradizioaren eta arte garaikidearen arteko lotura azpimarratuz.

Ekintza politikoa eta memoria zibila

Hunkidura kolektibo handieneko uneetako batean, estadio osoa zutik jarri zen Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak pasabidea zeharkatu zutenean Ikurria eta Nafarroako bandera eskuetan hartuta. Keinu horren bidez, 1976ko Atotxako derbian protagonizatu zuten desobedientzia-ekintza ausart eta sinbolikoa oroitarazi nahi izan zuten, belaunaldi berrien aurrean memoria zibilaren transmisio bizi bat eginez.

Hala, Zetaken proposamenak musikatik harago doan dimentsio kolektiboa hartu zuen, memoria, nortasuna eta herri sentimendua uztartuz.

Gonbidatu berezien artean, Loles Leon aktorearen agerraldia izan zen ikusleen txalo gehien jaso zituen uneetako bat. Halaber, Kandido Uranga, Erika Olaizola, Jon Plazaola, Samantha Hudson, Yune Nogueiras, Albert Pla, Antton Telleria, Aitziber Garmendia, Anjel Alkain eta Marcos Martinez (Grison) ere ikuskizunaren parte izan ziren.

Arbizutik San Mamesera

Emanaldiek ezustekoetarako ere tartea izan zuten. Publikoak espero ez zuen une batean, Reparazek Arbizuko lagun taldea gonbidatu zuen agertokira. Elkarrekin jo zituzten Errepidean eta Kortaturen Zu atrapatu arte kantuaren bertsioa, azken honetan Pello bera bateriaren atzean jarrita. Adiskidetasunaren, jatorriaren eta ospakizun kolektiboaren aldarri bihurtu zen pasarte espontaneo eta energetikoa izan zen, ikusleen txalo zaparrada handienetako bat eraginez.

Bi gau historiko hauen bidez, Zetakek erakutsi du euskaratik eta euskal nortasunetik sortutako kultur proiektu batek lehen mailako eragin sozial, kultural eta ekonomikoa izan dezakeela, milaka lagun elkartuz eta euskararen presentzia erdigunean jarriz.

Talde nafarrak, datorren urtarrilerako prestatzen ari den hurrengo ikuskizun handiaren berri eman zuen kontzertuetan bertan. Hurrengo geltokia Gasteizen izango da, 2027ko urtarrilaren 23an.

Zabaldu:

Utzi erantzuna